
Ekintza sindikala
Hiru greba egun deitu ditugu Osakidetzan: Osasun publikoak bizi duen egoera larria eta Osasun Sailak irtenbiderik ematen ez duela ikusita
Deialdiak urriaren 29an egingo dira Arabako lantokietan; azaroaren 5ean Gipuzkoakoetan; eta azaroaren 12an Bizkaikoetan

Gure herrialdeko osasun publikoak egituraren aldetik gaur egun bizi dituen arazo larriek eraginda, ekainetik aurrera mobilizazio-dinamika bat jarri genuen abian, eta urriaren 3an manifestazio jendetsu bat egin zen Bilbon. Mobilizazioak langileen eta herritarren babes zabala izan zuen.
Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren propaganda-diskurtsoez harago, Osasun Sailak eta Osakidetzak berak ez dute mahai gainean jarri euskal osasun publikoak pairatzen dituen gabezia larriak arintzeko neurririk, hain zuzen ere urteak joan urteak etorri salatzen ari garen gabeziak.
Egiturazkoak ez ezik sakoneko arazoak ere baditugu aurrean, aspalditik datozenak eta Osakidetzak azken urteotan konpontzeko bidea jarri ordez, ezikusiarena egiten dienak. Horren adibide garbia da lehen mailako arretan gertatzen dena. Langile andana kalera atera zen iaz, eta hiru greba egun egin zituzten, egunero jasaten duten muturreko egoerari irtenbideak eskatzeko. Urtebete geroago, agerian geratu da, hitz onak alde batera utzita, Eusko Jaurlaritzak ez diela irtenbiderik jarri hutsune larri horiei.
EAEk osasun publikoan egiten duen inbertsioa Europako batez bestekoaren azpitik dago, eta gora egin beharrean behera egin du nabarmen azken urteotan. Desinbertsio horrek, zalantzarik gabe, funtsezko eragina izan du gure osasun publikoak bizi duen egoera larrian, bereziki nabarmentzen da lehen mailako arretan, baina gainerako esparruetan ere ageri da eragin hori; zer esanik ez ospitaleetan eta osasun mentaleko sarean. Azken horietan giza baliabideen eta baliabide materialen eskasia, lanaren gainkarga sistematikoa, behin-behinekotasun tasa handiak, akidura fisikoa eta emozionala, lan-eskubideen murrizketak, zerbitzuen pribatizazioa, babesgabetasuna eta lan-osasunaren deskuidua, begien aurre-aurrean agertzen dira egunero.
Gabezia larri horiek, aspalditik datozenak, larriagotu egin dira egungo osasun-krisiaren ondorioz, baina ez dira birusarekin jaio, eta ez dira desagertuko egiturazko eta sakoneko irtenbideak hartu ezean.
Azpimarratu nahi dugu ez dela asmo oneko adierazpenak egiteko unea, ezta ezer konpontzen ez duten propaganda-diskurtsoak egitekoa ere. Ekiteko unea da, berehalako eta etorkizuneko neurriak abian jartzeko unea, azken urteetako murrizketa-politikek eragin dituzten ondorio larriak iraultzeko unea.
Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu osasun publikoa lehentasun bihur dezala. Pandemiak erakutsi duen bezala, osasun sendoa eta giza baliabide eta baliabide material nahikoa izatea ezinbestekoa da ongizate kolektiborako; egiturazko gabeziek, pertsonen ongizatean ez ezik, gure garapen soziala ere baldintzatzen dute, baita ekonomikoa ere.
Premiazkoa da hitzetatik ekintzetara pasatzea eta osasun publikoaren etorkizuna bermatuko duten irtenbideak abian jartzea:
Eskaera horiek berehala kontuan har daitezen, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT, esk, SAE eta UTESE sindikatuok Osakidetzan hiru greba egun deitzea erabaki dugu:
urriaren 29an Arabako lantokietan, azaroaren 5ean Gipuzkoakoetan eta azaroaren 12an Bizkaikoetan.
Eusko Jaurlaritzak mobilizazioa beste biderik ez digu utzi.