Ekintza sindikala

Ataria » Osakidetzako langileei asteazkenean eta ostegunean mobilizatzeko deia

Osakidetzako langileei asteazkenean eta ostegunean mobilizatzeko deia

Osasun publikoak bizi duen egoera larria dela eta, eta Osasun Sailak ez duela ezer esan ikusita, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuok dei egiten diegu Osakidetzako langileei biharko Araba eta Gipuzkoako lantokietan deitutako elkarretaratzeak eta ostegunerako Bizkaian deitutako greba eguna modu masiboan egiteko

Salatu nahi dugu, beste behin ere, pandemiaren bilakaeraren ondorioz egunez egun egoera larriagotzen ari den bitartean, ez dugula dei bakar bat ere jaso Osasun Sailetik.

Azaroaren 11n, Osakidetzako langileak Arabako eta Gipuzkoako lantokien atarian kontzentratzera deituta daude: goizeko 11etan ospitaleetan eta 13: 00etan lehen mailako arretako osasun-zentroetan. Halaber, ostegun honetan, azaroaren 12an, Bizkaiko Osakidetzako langileek 24 orduko greba egingo dute, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuek egindako deialdian.

Sindikatu deitzaileok langileek eta herritarrek jasaten duten egoera kezkagarria salatu nahi dugu, pandemiaren bilakaeraren ondorioz egunez egun larriagotu egiten ari baita egoera. Argi eta garbi esan dezakegu, lehen konfinamendua igaro ondoren, Osakidetzak ez duela planifikazio egokirik martxan jarri, ezta birusaren balizko agerraldiei aurre egiteko behar diren errefortzuak ere. Gogoan izan behar da birusa agertu aurretik ere bazegoela lan-gainkarga sistematiko bat. Egungo egoeran, non lana modu esponentzialean biderkatu den, iristen ez diren errefortzu horiek inoiz baino beharrezkoagoak dira.

Horren adibide ona da, berriro ere, kolapso-egoera batera iritsi garela, non ezinezkoa den asistentzia-jarduera osoa artatzea. Hala, martxoan gertatu zen bezala, jada ezin da denera iritsi, eta, horregatik, programatutako arreta edota premiazkoa ez den ohiko arreta atzeratzen hasi da. Gure kezka adierazi nahi dugu neurri horien aurrean; izan ere, Covid 19a ez den gainerako patologien arretan atzerapen etengabeak daude. Atzerapen horiek ondorio larriak izan daitezke herritarrentzat, eta, jakina, agerian uzten dute, egungo agerraldiaren aurrean herritarren asistentzia-beharrei erantzuteko baliabide nahikorik ez duen osasun-sistema bat.

Hala, Osasun Sailaren propaganda-adierazpenetatik harago, lehen mailako osasun-zentroetara joaten diren pazienteek ez dute zalantzarik erabat gainezka dagoela eta egoera okerrera doala. Eta gauza bera esan dezakegu gainerako asistentzia-esparruetan, lan-karga eta presioa gero eta handiagoak baitira. Profesionalak behartuta daude beren lanaldiak sistematikoki luzatzera, beren atsedenei uko egitera, txandak bikoiztera, egunero lan-karga jasanezinak jasatera, eta abar.

Egoera larria denez, eta Araban eta Gipuzkoan egindako greba-deialdien arrakastaren ondoren, Osasun Sailak ez du inolako elkarrizketarik izan deialdia egin duten sindikatuekin: ez dugu dei bakar bat ere jaso. Komunikabideek neurri batzuen berri eman digute, eta salatu nahi dugu, ohikoa den bezala, Eusko Jaurlaritzaren erabateko opakotasuna eta informazio falta dagoela. Era berean, ez dago mahai gainean jarri ditugun aldarrikapenei buruzko negoziaziorik, eta ez da neurri bakar bat ere planteatu aspaldiko egiturazko arazoei irtenbidea emateko.

Horregatik guztiagatik, dei egiten diegu langileei biharko Gipuzkoan eta Araban deitutako elkarretaratze jendetsuetan eta ostegun honetarako Bizkaian deitutako 24 orduko greban masiboki parte hartzeko. Gure osasun publikoaren etorkizuna dago jokoan.