Ekintza sindikala

Ataria » Osakidetzan deitutako 3 grebetatik lehena

Osakidetzan deitutako 3 grebetatik lehena

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT, esk, SAE eta UTESE sindikatuek deituta, urriaren 29an 24 orduko greba egingo dute Osakidetzako Arabako langileek

Pandemiaren olatu betean, Osasun Sailak Osakidetzak egituran agertzen dituen gabezia larriak konpontzeko pausorik eman ez duela salatu dute.

Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak diren arren, ohi bezala, eta langile askori greba eskubidea egikaritzea eragotziko dioten arren, agerikoa da langileriak egunerokotasunean jasaten duen prekarietatea. Herritarrei greba egun batean funtsezko osasun-laguntza eskaintzeko ezinbesteko gutxieneko zerbitzu askok % 100ean eta beste askok % 50ean lan egitera beharturik daude. Horrek ederki erakusten du langile falta handia dagoela eta kasu askotan, urte osoan gutxieneko zerbitzuetan lan egiten dela.

Pandemiaren olatu berri honetan, salatu nahi dugu Osasun Sailak ez duela inolako urratsik eman Osakidetzak dituen egiturazko gabezia larriak konpontzeko. Egiturazko eta sakoneko arazoak ditugu aurrean, aspalditik datozenak eta horiek konpontzeko Osakidetzari ez zaio intentzio txikiena ere antzeman.

Gabezia larri horiek, zalantzarik gabe, larriagotu egin dira egungo osasun-krisiaren ondorioz, eta Osakidetzak ez ditu martxan jarri osasun-presio handiagoari aurre egiteko beharrezko errefortzuak. Lehen mailako arretak gainezka egiten du erabat, eta ospitaleetan, lehen olatuari oso egoera larrian aurre egin ondoren, langileek akituta ikusten dute presioak gora egiten duela eta orduko baliabideak baino ez daukatela; izan ere, baliabide urritasun horrek, egunerokotasunean, lan-gainkarga sistematikoa eragiten du. Osasuna funtsezko ardatza da egungo egoerari aurre egiteko, baina, zoritxarrez, abian jarritako neurriekin ez dago, ez hura indartzerik, ez haren gabezia larriak konpontzerik.

Bizi dugun osasun-krisiak agerian utzi du premiazkoa dela osasun publikoa lehentasun bihurtzea: Osasun sendoa eta giza baliabide eta baliabide material nahikoak izatea ezinbestekoa da ongizate kolektiborako; egituraren gabeziek, pertsonen ongizatea ez ezik, gure garapen soziala eta baita ekonomikoa ere baldintzatu egiten dute.

Hala ere, eta errealitate hori inoiz baino nabarmenagoa bada ere, une honetan Eusko Jaurlaritzari ez zaio antzematen elkarrizketarako inolako intentziorik, eta premiazko neurriak abian jartzeko unea bizi dugu. Osasun Sailak ez du proposamen bakar bat ere mahai gainean jarri. Osasun Arloko Mahai Sektorialeko kide diren sindikatuekin sailburu berria aurkezteko aldebiko protokolo-bilera egiteaz gain, ez da beste harremanik izan. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da, premiazkoa baita konponbideak abian jartzea.

Egoeraren larritasuna eta irtenbiderik eza ikusita, joan den urriaren 14an SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT, esk, SAE eta UTESE sindikatuok hiru greba deialdi egin genituen Osakidetzan: urriaren 29an Araban, azaroaren 5ean Gipuzkoan eta azaroaren 12an Bizkaian.

Bihar, beraz, Arabako langileak grebaren lehen egunean parte hartzera deituta daude. Deialdi horri elkartasuna adierazteko eta zentroetan bizi den egoera larria salatzeko, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetako, osasun-zentroetako, osasun mentaleko sareko eta gainerako laguntza-eremuetako langileek elkarretaratzea egin dute gaur lantokien atarian.

Bihar, grebaren dinamikaren barruan, dei egiten diegu langileei eta herritarrei goizeko 11etan Osakidezak Araban dituen lantoki guztietako atarian egingo ditugun elkarretaratzeekin bat egiteko. Halaber, pandemiaren egoera ikusita, hasiera batean Gasteizko kaleetan ere manifestazioa egitea aurreikusita bazegoen ere, mobilizazioak modulatzea eta, azkenik, manifestazioa ez egitea erabaki dugu.

Osasun Sailari eskatzen diogu behingoz negoziazioari ekin diezaion eta mahai gainean jartzeko osasun-sistema publikoaren egiturazko arazoak konponduko dituzten premiazko neurri garrantzitsuak.