Ekintza sindikala

Ataria » SME, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek osasun publikoan mobilizatzeko deitu dute irailaren 18tik aurrera

SME, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek osasun publikoan mobilizatzeko deitu dute irailaren 18tik aurrera

Bilbon, 2020ko irailaren 10ean.-

Datorren irailaren 18an, Osakidetzako langileek protestei helduko diete berriro, eta SATSE, ELA, LAB, ESS, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituko dituzte.

Ekitaldien helburua izango da gizarteari langileak bizitzen ari diren muturreko egoeraren berri ematea, eta Osasun Sailari gure osasun-sistemaren arazo larriei aurre egiteko irtenbideak eskatzea : langilerik eza, aldi baterako ezintasun-tasa handiak, neke fisiko eta emozionala, lan-gainkarga sistematikoa, estresa, aintzatespenik eza, babesik eza, lan osasunaren gaineko axolagabekeria eta lan baldintzak duintzeko beharren aurrean inolako adeitasunik ez izatea.

Azken urteotako murrizketa-politikek osasun publikoa pixkanaka ahuldu egin dute, eta hori agerian geratu da egungo osasun-krisian. Lehen Mailako Arretako zentroetan udan bizi izan diren egoerak gure osasun sistemak eguneroko lanean dituen giza baliabideen eta baliabide materialen urritasunaren adibide dira.

Era berean, Osakidetzak azkenaldian negoziazio kolektiboaren aurrean izan duen jarrera eta Osasun Sailak elkarrizketari egin dion mespretxua eta garatu duen politika txarra salatzen ditugu.
Horiek dira, hain zuzen ere, euskal osasun publikoko langileak sektoreko protestei berriro heltzeko legitimatzen gaituen abala.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok salatu nahi dugu lan-baldintzen okertzea osasungintzaren kalitatean islatzen dela inolako zalantzarik gabe. Osasun-larrialdia deklaratu ondoren, oso nabarmena izan da, baina okertze hori ez da bat bateko kontua, ez, azken urteotan osasun-arloko filosofian aldaketa eragin duten politikak abian jartzearen ondorioz sortu den kontua da.

  • EAEk inbertsio txikiago du osasungintzan inguruko herrialdeekin aldean. Eusko Jaurlaritzak osasun arloan EAEn egin duen gastu publikoaren bilakaera beheranzkoa izan da, eta giza baliabideen eta baliabide materialen murrizketan islatu da, bereziki Lehen Mailako Arretaren esparruan; ondorioz, lan-kargak nabarmen handitu dira.
  • Langile kopurua ez da nahikoa planteatzen diren lan-kargak ganoraz burutu ahal izateko; beraz, ezinezkoa da kalitatezko arreta ematea. Aldi berean, itxaron-zerrendek hazi eta hazi darraiote eta artatzeko epeak luzatu egiten dira.

Osasun-sektorearen egoera hori ikusita eta aztertuta, gure erantzuna, protesta gisa, arduradun politikoei, Osasun sailburu berriari eta dagokion gobernuari zuzentzen diogu.

Horiek dira gure osasuna eta lan-baldintzak hondamenaren erantzule bakarrak. Osasunean gehiago inbertitzeko borondate politikorik ezak murrizketak eragin ditu, arretaren kalitatea galdu da eta 11 urte igaro dira lan-baldintzak arautzeko egin genuen azken akordiotik.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek euskal osasungintzaren norabidea ikusita, iragarri genuen arazo sakonak seriotasunez konpondu bitartean, gero eta zulo beltzagoan murgilduko zela.

Argi eta garbi hitz egin nahi diogu Osasun Sailburu berriari, jakin behar baitu sektorea mobilizatzeko prest dagoela, konpondu beharreko arazo handiak dituela, eta arazo horiei aurre egiteko konponbiderik planteatzen ez den heinean, gu aurrez aurre edukiko gaituela.

EUSKO JAURLARITZARI ESKATZEN DIOGU:

  • Osasun publikorako aurrekontu-partida bat, EBko batez bestekoaren parekoa, %25 Oinarrizko Laguntzara bideratua.
  • Enpleguaren arloan:
    • –-Langile kopurua handitzea, iruzurretan ezkutatutako lanpostuak egituran sartuta.
    • —Behin-behineko langileak finkatzea, plantilla egonkortzeko eta Osakidetzak diru publikoarekin prestatutako profesionalen ihesa saihesteko.
  • Murrizketa guztiak itzultzea: erosteko ahalmena berreskuratzea, Itzarri, lanbide garapena, erretiro aurreratuko primak eta 2009tik iraungitako akordio arautzaile berri bat negoziatzea.
  • Pribatizatutako zerbitzuak itzultzea enpleguari eusteko.
  • Langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak, bai koronabirusaren balizko berragerpen baten aurrean, bai eguneroko lanean: kategoria guztietarako nahikoa eta egokia den babes-materiala; laguntza-maila guztietan laneko arriskuak baloratzea eta prebentzio- eta babes-neurriak hartzea; arrisku psikosozialen eta lan-kargen ondoriozkoak ebaluatzea eta neurri zuzentzaileak garatzea.

MOBILIZAZIOEN KRONOGRAMA

  • Irailaren 18an, 13:00etan, Oinarrizko Osasun Laguntzako lantoki guztietan.
  • Irailaren 25ean, 11:00etan, kontzentrazioa ospitale guztietako sarreran.
  • Urriaren 3an, 12:00etan, manifestazioa Bilbon.