LEHEN MAILAKO ARRETAREN NAZIOARTEKO EGUNA: osasun-laguntzan lehen mailak duen garrantzia

Apirilaren 12a da, Lehen Mailako Arretaren Nazioarteko Eguna. Bigarren urtez jarraian, pandemia betean ospatuko dugu. Izan ere, zoritxarrez, atsedenik gabe 436 egunez borrokan jardun ondoren, koronabirusak ez gaitu utzi, eta gure bizitza baldintzatzen jarraitzen du.

Lehen Mailako Arreta Osasun Sistema Nazionalaren (OSN) erdigunea da. Pazienteek eta haien familiek Sistemarekin harremanetan jartzeko duten lehen maila da. Bera dugu sistemaren arduradun nagusia osasuna prebenitzeko eta sustatzeko orduan. Gainera,  Lehen Mailako Arretan dihardutenek pazientearen erreferente bihurtzen dira, bai artzeko, baita osasun-baliabideen erabilera egokiaz aholkatzeko ere.

Euskadin 131 LMAU (Lehen Mailako Arreta Unitate) eta 320 osasun-zentro ditugu, eta horietan 1.404 familia-medikuk eta 323 pediatrak dihardute. Ez da aski. Izan ere, nahiz eta kalitatearen agenda bermatzeko 35 ekintza mediko ezarri diren (aurrez aurreko kontsultak, telefonikoak, administratiboak eta etxeko abisuak), mediku gehienek egunean 40 baino gehiago egiten dituzte, eta batzuk 50era iristen dira.

Lehen Mailako Arreta itolarrian dago. Are gehiago, 2008ko krisia baino lehenagotik ari da hondoratzen. Pandemiak areagotu egin du egoera hori. Gainerako osasun-arloetan gertatu den bezala, azken urte eta erdian agerian jarri dira sistemaren gabeziak, eta arazo askori egin behar izan diegu aurre. Izan ere, gutxirekin lan handia egiten dugun profesional-taldea baikara.

Lehen Mailako Arreta funtsezkoa da osasun-sisteman. Pazienteen arreta-katearen lehen katebegia da. Ahultzen uzten bada, eragin zuzena izango du ospitaleetan eta gainerako laguntza-mailetan, eta horrek murriztu egingo du herritarrei eman behar zaien arretaren kalitatea.

Horregatik, SMEk sendagileen kolektiboarentzako aldarrikapenak gogoratu nahi ditu:

  • Edozein gertakariri aurre egiteko adina giza baliabide eta baliabide material izatea.
  • Karrera profesionala abian jartzea, pandemiaren azken urte eta erdian egindako lana bereziki aintzat hartuta.
  • 2010etik galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea.
  • Langileen egonkortasuna sendotzea, kategorien araberako LEPak deituz eta plaza-eskaintza handiak maiz eta azkar eginez.
  • MIR-en tutoretza aintzat hartzea.
  • Profesionalentzako etengabeko prestakuntza-plana sustatzeko eta bermatzeko diru-zuzkidura.

Eta, bereziki, Lehen Mailako Arretari begira, honako hau eskatzen dugu:

  • Nork bere agenda kudeatzeko gaitasuna ematea mediku bakoitzari.
  • Biztanleriaren zahartzearen ondorioz sortzen ari den lan-kargaren handitzea dela eta, kupoak 1.200 OTI unitatera egokitzea Lehen Mailako Arretako medikuentzat eta 800 Pediatriarentzat.