Iritziak

Ataria » 2024ko azaroaren 6ko Mahai Sektoriala

2024ko azaroaren 6ko Mahai Sektoriala


SATSEk jarritako demandak 20-21 eta 22 LEPa eta Egonkortze LEPa bereiztera behartzen du Osakidetza

Gai-zerrendako puntuak:

1.- LEP epaia

SATSEk 20-21 eta 22ko LEPen baremazioari eta ondorengo epaiari buruz demanda jarri ondoren, Osakidetzak ohiko LEP horiek eta egonkortzeko LEPa bereizi egin beharko ditu, eta, legez, 2024ko abenduaren 31 baino lehen ebatzi. Horrek esan nahi du prozesu horietan guztietan parte hartu duzuenok ezin izango duzuela plaza guztien artean aldi berean aukeratu.
Osakidetzak jakinarazi digunez, lehenik Egonkortze Lan Eskaintza Publikoa ebatziko da, eta bi zerrenda izango dira aukeraketa egin ahal izateko (lehiaketako plazen zerrenda alde batetik eta oposizio-lehiaketako plazena bestetik).

Zuzendaritzak ziurtatu digu Egonkortze LEParen behin betiko ebazpena argitaratzearekin batera argitaratuko dela 20-21 eta 22 LEParen behin-behineko zerrenda, pertsonek erabaki dezaten prozesu batean jarraitu edo bestean sartu nahi duten. Baina Osakidetzari esan diogun bezala, horrek 20-21 eta 22 LEPko lanpostuetan interesa duten profesionalei eragingo die, plaza horiek eskuratzeko uko egin beharko baitiote Egonkortze LEPan lortutako lanpostuari, halakorik izanez gero.

Bestalde, Zuzendaritzari galdetu diogu ea neurriren bat duten pentsatuta Egonkortze Lan Eskaintza Publikora ateratzen den plaza batean bitartekotasuna duten pertsonentzat, baldin eta beren lanpostuetatik aldentzen badira. Kezkatzeko arrazoirik ez dagoela erantzun digute, berehala eskainiko baitzaie lana kontratazio-zerrendak medio. Ikusiko dugu.

2.- Betetzen zailak diren lanpostuak

Zuzendaritzak horri buruz aurkeztutako dokumentuari alegazioak egiteko eskatu digu.

3.- Bihotzeko Kirurgiako Unitatea

Osakidetzak argi eta garbi adierazi du Basurtuko eta Gurutzetako bihotz-kirurgia bilduko duen Kudeaketa Klinikoko Unitatea (KKU) sortzeko asmoa. Jakinarazi digutenez, proiektua definitzen eta lantzen ari dira. Sendagileen Sindikatuaren izenean Osakidetzari adierazi diogu ez dugula ulertzen KKU bat sortzeko beharra, eta jokabide hori arriskutsua iruditzen zaigula, are gehiago Auzitegi Gorenaren epai irmo bat dagoenean, SMEk irabazitakoa, delako unitateak baliogabetzat jotzen dituena. Osakidetzak egiten duen planteamenduaren euskarri juridikoa aztertuko dugu, profesionalen lan-baldintzak zein neurritan aldatzen dituen, eta horren arabera jokatuko dugu.

4.- Larrialdi eta Emergentzietako Espezialitatea

Nahiz eta Auzitegi Gorenak kautelaz eten duen Larrialdi eta Emergentzietako espezialitaterako zuzeneko sarbidea, Osakidetzak jakinarazi digu emandako zerbitzuen ziurtagiriaren izapideak aurrera jarraitzen duela. Horregatik, ziurtagiri horiek eskatzen jarraitzea gomendatzen dugu.
Bestalde, Sendagileen Sindikatuak Santa Marina Ospitalearen eta haren larrialdi-zerbitzuaren katalogazioari buruz egindako demandari erantzunez, Zuzendaritzak kontsulta bat egin dio Ministerioko Lanbide Antolamenduko Zuzendaritzari, eta haren erantzuna SMEri eman zioten berbera izan da, alegia Santa Marina ez dela C11 zentro bat. Hala ere, espezialitateko Batzorde Nazionalera bidaliko den idazki bat prestatzen ari dira.

5.- Galde-eskeak

Errefortzurako plazak

Osakidetzak eskaini ohi dituen kuporik gabeko plazak, errefortzukoak edo egonkorrak eta malguak direla eta, SMEren izenean esan genion Giza Baliabideen Zuzendaritzari, plazen identifikazio hori ez zetorrela bat indarrean zegoen araudiarekin eta zuzendu beharra zegoela. Gaur berriro aipatu dugu gai hori eta Osakidetzaren erantzuna izan da “errefortzu” izena kenduko dutela eta egoera aztertzen ari direla plaza horiek kupoz eta destino bakarrez nola hornitu ikusteko, baina litekeena dela lanpostu horiek LEParen ebazpena medio eman baino lehen esleitu ezin izatea.

Horregatik, garrantzitsua da zuek jakitea Sendagileen Sindikatua prest dagoela zuei laguntzeko plaza horietako edozein esleitua duen afiliatu orori gora jotzeko errekurtsoak bideratzen Osakidetzari, plaza horiek identifikatzeko eskatuz, asistentzia-lana pazienteentzat zein profesionalentzat gutxieneko bermeekin egin ahal izateko.

18-19ko LEPa

Azaroan ebatziko da.

Lehen Mailako Arretako kontratazio-zerrendak

Datorren astean eguneratuko dira.

Urtea amaitu baino lehen beste ziklo bat irekiko da.