Iritziak

Ataria » 22/09/29ko Mahai Sektoriala: aurrerapenik ez negoziazioan (22.09.30ean eguneratua)

22/09/29ko Mahai Sektoriala: aurrerapenik ez negoziazioan (22.09.30ean eguneratua)

Gaur, 22/09/29, Euskadiko Sendagileen Sindikatua Mahai Sektorial batera joan gara, benetako negoziazio-mahai bat izango zelakoan. Mahai horren ibilbide-orria, baina, goitik behera planifikatuta ekarri du Osakidetzak, eta ez du inondik inora bere ildotik atera nahi izan

Osakidetzak bere ibilbide-orria jarraitzen du.

Gai-zerrendan honako puntu hauek zeuden:

1) Lanbide Garapena:

  • Mailen Esleipena dakarren behin betiko Ebazpena bihar argitaratuko da EHAAn, eta ordainketa urrian egingo da. (ikusi Mailen Esleipena 22.09.30ean argitaratua).
  • Osakidetzak Lanbide Garapeneko Eredu Berria izango denaren zirriborro partziala eman digu. Zentzugabekeria ugariz betetako abiapuntu dokumentua da. Gure ustez, benetan barregarria, edo, ironia alde batera utziz, negargarria dela esan beharko genuke. Eredu horretan, jarraitzen dute BAME urteak zerbitzu gisa onartzeke (bai, onartzen dituzte prestakuntza gisa), beraz, ikerketa egin beharrak, a priori, ia ezinezkoa egiten du III. eta IV. mailak lortzea. Gainera, Zuzendaritzak lau urtean behin deialdiak egin nahi ditu, atzeraeraginezko ordainketarik gabe. Amaitzeko, inolako lotsarik gabe, Administrazioak proposatu du lanpostuan lau urte baino gehiago egin dituzten Osakidetzako zuzendaritzakoek IV. mailan zuzenean sartzeko aukera izatea.

2) Egonkortzeko LEParen oinarriak:

  • Giza Baliabideen Zuzendaritzak behin betiko dokumentu bat helarazi digu. Bertan dio, aurreko buletinean aurreratu genizuen bezala, bateria erako galdera-sorta gai-zerrendako zati komunari soilik aplikatuko zaiola (araudiari, etab.). Dena dela, oposizioaldian, proba hori baztertzailea izanen da, test motakoa, puntu negatiborik gabe. Bestalde, ez du uste HAEEk egingo duenik azterketa.

3) Osakidetzako langileen Produktibitate Osagarria aplikatzeko irizpideak:

  • Osagarri hori erizaintzako langileei ere aplikatzea proposatzen duen agiria aurkeztu dute, oraindik kopuru ekonomikorik zehaztu ez badute ere.
  • Zoritxarrez, burugogor jarraitzen dute B modalitatea langile fakultatiboei aplikatzeko moduari dagokionez. Sendagileen Sindikatukook eskatu diogu osagarri hori lankide baten falta gainerako lankideek haren kupoa estaltzera beharturik izaten diren une beretik ordaintzea. Beste hainbat gai ere mahai gainean jarri ditugu, besteak beste etxez etxeko abisuak berrikustea, baita kupoko OTIak eta gehienez 45 pazienteko kopurua, izan ere biztanleriaren zahartzeak lan-kargak etengabe gehitzea baitakar.
  • Gainera, Administrazioari gogor kritikatu diogu bere joera beti “beheranzkoa” dela profesionalen ahaleginaren aitorpen ekonomikoari dagokionez. Ohartarazi diogu, halaber, sokari tiraka jarraituz gero, soka hautsi egingo dela azkenean.
  • Arestian azaldutako arrazoibidearen ondoren, Giza Baliabideen Zuzendaritzak jakinarazi digu urriaren amaiera arte luzatuko dela EAG-Emergentziak 5/2022 Autokontzertazio-Jarraibidea.

Ondorioa:

Osakidetzak, negoziatzen ari denaren itxurak egiten ditu, baina gure zalantzak ditugu hitz horren esanahia ezagutzen ote duen, izan ere, erantzunaren jakitun baginen arren, zera galdetu diogu Giza Baliabideetako Zuzendariari: Noiz jorratu du Administrazioak gai bat akordio batera heltzeko asmoarekin edo soluzio bat aurkitzeko helburuarekin?