Iritziak
ZUZENDUA | 9/2024 autokontzertazio-instrukzioaren amaiera
ZUZENKETA (01.10.24)
2024/9 ordezkatzen duen instrukzioa 2024/8 da, eta ez 2023/5, artikulu honetan esan bezala. Langile fakultatiboentzako zenbatekoak berdinak dira bietan, baina 8/2024ak Osakidetzaren eta SATSEren arteko akordioa jasotzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko 173/2024 epaia betearaztearen ondoriozkoa
9/2024 autokontzertazio-instrukzioa laster amaituko denez (irailaren 30ean), eta horri buruz kontsulta egin diguten EAGko eta Emergentzietako profesionalei erantzuteko, Sendagileen Sindikatuak aldebiko bilera eskatu zuen Giza Baliabideen Zuzendaritzarekin, eta bilera hori gaur egin da
Osakidetzak baieztatu egin du aurreikusten genuena, eta esan digu irailaren 30etik aurrera 5/2023 instrukzioa itzuliko dela.
SMEkook esan dugu, behin eta berriro: nahiago genuke autokontzertazioaz hitz egin behar ez bagenu, horrek esan nahiko lukeelako plantilla medikoa behar bezala dimentsionatuta dagoela.
Ildo horretan, azpimarratu behar dugu Autokontzertazioa bere garaian abian jarri zela egoeraren araberako tresna bezala medikuen defizit puntualak konpontzeko, baina duela urte batzuetatik hona Osakidetzak zerbitzuak irekita mantentzeko aplikatzen duen tresna bakarra bihurtu da. Orain, betetzen zailak diren lanpostuekin beste neurri batzuk ezartzea proposatu du. Neurri horiek bere garaian baloratu eta adostu beharko dira, nahiz eta, hasiera batean, positibotzat jotzen ditugun.
Baina, oraingoz, neurri horiek praktikan jartzen ez diren bitartean eta urrian betetzeke dauden txandekin, ESI desberdinetako profesionalek ematen dizkiguten datuak kontuan hartuta (adibidez, 100 txanda inguru Barrualden eta 140 baino gehiago Donostialdean), beharrezkoa da autokontzertazioaren “adabakia” erabiltzen jarraitzea. Horregatik, kosta egiten zaigu ulertzea 9/2024 instrukzioa ez luzatzea.
Osakidetzari jakinarazi diogu ezinbestekoa dela instrukzio berri bat negoziatzea, amaiera-datarik ez duena, gaueko lanaren nekagarritasuna kontuan hartuko duena eta gaueko, asteburuko eta jaiegunetako osagarriak kontuan hartuko dituena. Zuzendaritzak esan du hurrengo mahai sektorialean aztertuko duela (oraindik data zehaztu gabe dago).
Sendagileen Sindikatukook, profesionalen iritzia ezagutzen dugunez, Osakidetzari ohartarazi diogu udan, 9/2024 Instrukzioak ekarri zuen hobekuntzaren ondorioz, medikuek hainbat txanda hartu eta bete zituztela asistentzia bermatzeko, baina litekeena dela orain hori egiteari uztea.
Hainbestekoa da EAGko eta Emergentzietako lankideen gogaitasuna, instrukzioan eta baldintzetan hainbeste aldaketa izanik, non ez baitute lan egin nahi izango urteko lanalditik haratago, Administrazioaren eskaintza edozein dela ere.
Espero dezagun Osakidetzak kontuan hartzea Sendagileen Sindikatuak azaldutako guztia eta, hurrengo Mahai Sektorialean, horren inguruko proposamen bat egitea.
Informatzen jarraituko dugu.