Iritziak
Asturiaseko printzesa saria badaukagu, eta orain zer?
Espainiako Asturiaseko printzesaren fundazioak joan den ekainaren 3an 2020ko konkordia saria COVID 19ren pandemian lehen lerroan aritu diren osasun profesionalei eman zien
Hona hemen arrazoiak, fundazioaren arabera:
«Birus karga handi eta oldarkorrari aurre eginez, euren baldintza gabeko dedikazioa, lanaldi luzeei aurre eginez, askotan, ekipamendu eta bitarteko egokirik gabe, sektoreko profesionalen erakundeen eta sindikatuen kexuek agerian ipini duten bezala, hiritar adibidearen eta zerbitzu bokazioaren ariketa adierazten du. Osasun publikoaren eta gizarte osoaren ongizatearen aldeko sakrifizio pertsonalaren jarrera bikainarekin, joan den mendean gizateria suntsitu duen mundu mailako pandemia handienaren aurkako borrokaren sinbolo bihurtu dira.».
Sariek, une batez bada ere, fokuen argitan jartzen zaituzte, eszenatoki baten gainean. Hori, bere horretan, ona da. Baina, emailearen xedea zure lanaren kontura bere burua koroatzea bada, ez da hain ona, izan ere, zure loraldia eszenatokitik jaisteko eskaileraren beheko maila igarotzean amaitzen da, eta, aldi berean, gauzak lehengora egiten dute “glamourraren” beloak desagertzean.
Amaiera polita bi hilabeteko arratsaldetako txaloentzat. Amarru ederra “normaltasun zaharrera” itzultzeko eta sufrimendu eta aitortza guztiak kaxoi batean giltzapean sartu eta betirako ezkutatzeko.
Hemen, tamalez, Osakidetzaren zuzendaritza bera izan da sari horren merezidun egin gaituena. Izan ere, Covid 19 krisian ez da nabarmendu profesionalekiko arreta eta errespetuaren abangoardia izateagatik. Gu izan gara, langileok, gure erakunde sindikalen bitartez, SME barne, hain oinarrizkoak diren hainbat gai onar dezaten lortu dugunak. Besteak beste, musuko kirurgikoa erabiltzea gauza arrunta eta logikoa izatea, eta, ez, gizarte-alarma pizteko arrazoia; osasun langileak talde gisa onartzea sintomak daukatenei testak egiteko, PCR+ izanik lanera joatera ez behartzea, oporrak izateko eskubideari eutsi ahal izatea, geure burua babesteko neurriak hobetzea, osasun langile guztiei testak egitea, lan-baldintzak arautzen dituen akordioa ezartzea, MIR amaitu berriei egiten zaizkien mugarik gabeko lanak burutzeko kontratuak baztertzea… Guzti-guztiak sindikatuen lorpenak izan dira, batzuek SMErenak bereziki, Osakidetzaren zuzendariek Asturiaseko Printzesa Sariaren merezidunekin izandako jarreren aurka.
Gure erakundeko goi-kargudunen kontrako borroka hau gure eguneroko lan klinikoa bete ondoren egin dugu, eta, borroka hori izan da, hain zuzen ere, sariaren merezidun egin gaituena. Horregatik, espero dugu sari horrek, emateko erabili den eszenatoki eta parafernaliak alde batera utzi eta harago joanez, Osakidetzaren Zuzendaritza bizkortzeko balioko duela, zeren eta Covid-19a agertu aurretik hau ez baitzen paradisu bat: Lehen Arretaren baldintzak okertzen ari ziren etengabe, lan-karga gero eta gehiago handitzen, anbulatorio eta ospitaleak saturatzen, Ikasketa Profesionala izozten, profesionalek alde egiten, gardentasuna falta zen, hainbat hitzarmen ez ziren betetzen (kontratu egonkorra eta malgua, produktibitatea…).
Bizi izan dugun krisi larri honek zer pentsa eman du eta dagoeneko badira hainbat lurralde osasun sistema osoa goitik behera birplanteatzeko asmoa agertu dutenak.
Krisiaren erdian maila guztietan bitartekoak gehitzea erabaki dute.
Osakidetzak aldaketa sakona behar du, sendagile guztiona den sindikatu honek SMEk ahaleginak eta bi egingo ditu aldaketa horiek bide zuzenetik egin daitezen.