Iritziak

Ataria » Bidasoko Ospitaleko Pediatriako Larrialdiak ixtea: berriz ere kontu bera

Bidasoko Ospitaleko Pediatriako Larrialdiak ixtea: berriz ere kontu bera

Osakidetzak Bidasoko Ospitaleko Larrialdi Pediatrikoak itxiko ditu maiatzaren 1etik aurrera

Prentsa-ohar baten bidez Osakidetzak jakinarazi du egun horretatik aurrera ez dela pediatrarik egongo larrialdietan, egongo direla EAGn, eta egunean bi orduz luzatuko dela pediatriako kontsulten ordutegia ESIko hiru osasun-zentroetan. Osakidetzaren esanetan, “aldaketak profesionalekin adostu dira, datuetan oinarrituta daude eta zerbitzu hobea ematea dute helburu”.

Osakidetzak bidalitako prentsa-oharrak ez du egoeraren errealitatea islatzen.

Lehenik eta behin, aditzera ematen da osasun zentroetan eta EAGn pediatriako larrialdiak artatzeko ordutegia zabaldu egiten dela, baina errealitatea da Bidasoko Ospitaleko Pediatriako Larrialdi Zerbitzua itxi egiten dela eta EAGn, gaur egun, ez dagoela pediatrarik. Urgentziazko pediatriako arreta Donostia Ospitalera bidaliko da. Baina Donostia Ospitaleak jada jasotzen ditu Irungo paziente pediatrikoak zenbait osasun-zentrotan estaldurarik ez dagoelako; esate baterako, Irungo erdialdean, egun batzuetan ez baitago pediatrarik. Horren guztiaren aurrean, honako hau galdetzen diogu geure buruari: zein da ESI honetako pediatriako premiazko arretaren hobekuntza?

Bigarrenik, prentsa-oharraren arabera, “aldaketak profesionalekin adostu dira”, baina hori ez da egia. Larrialdi Orokorretako osasun-profesionalek prentsa ohar honen bidez jakin dute ospitaleko Pediatriako Larrialdi Zerbitzua itxi egingo dela, eta, orain arte, Zuzendaritzak ez du inolako jakinarazpen ofizialik eman,  ez protokolorik, ez eta “Haur Larriaren” Larrialdiko Laguntzan jarduteko gidarik ere.

Kontuan izan behar da, egoera horretan, haur larri bat iristen bada Bidasoko Ospitalera, Larrialdi Orokorretako medikuak artatuko dutela hasiera batean, eta dagoeneko jasaten duen presioari gainkarga asistentziala gehitzen zaiola. Gainera, aparteko arreta horrek eragotzi egiten du bere lana behar bezala egitea, eta eragotzi egiten dio behar bezala artatzea, paziente gehiegi dituelako eta kargak bere lanerako gaitasuna nabarmen gainditzen duelako.

COVID pandemian antzeko egoera bizi izan zen pediatriako larrialdiak inolako irizpide teknikorik gabe ixtea erabaki zenean. Orduan ere, pediatriako arreta hobetuko zuenaren ideia saldu zen, eta gatazka sortu zen Larrialdietako langileen eta zentroko zuzendaritzaren artean. Horren ondoren, Bidasoko Ospitaleko pediatriako larrialdi zerbitzua 2020ko apirilaren 26an ireki zen berriro.

Bidasoko Ospitaleko Larrialdi Orokorretako osasun-profesionalak nekatuta daude, nazkatuta, eta ospitalean ondoeza oso handia da. Duela hilabete batzuk, Larrialdietako Zerbitzuaren arrisku psikosozialei buruzko inkestaren emaitzak aurkeztu ziren, datu benetan kezkagarriekin. Hori dela eta, beharrezkoa izan da taldeko laguntza psikologikoa profesional horientzat. Egoera horri gehitu behar zaio, orain, pediatriako larrialdi bat artatzeko aukerak eragindako estresa.

Profesionalek uste dute ez direla errespetatuak, ez zaielako kontsultarik egin ezta kontuan hartu ere erabaki hori hartzerakoan, eta larriagoa dena, prentsaren bidez jakin dute guztiaren berri. Badakite Osakidetzaren kudeaketa txarraren biktima direla.

Bidasoko ESIko Zuzendaritzak erakutsi du ez dela gai esku artean duena kudeatzeko. Jakina, asko hobetu zitekeen, eta egoera hori aurreikus zitekeen, etengabe inprobisatzen aritzeak eragindako kaosa sumatzen baitzen.

Hori guztia dela eta, larrialdi-zerbitzuak dokumentu idatzi bat eskatu du, ESIan paziente pediatrikoaren arreta ordutegi eta inguruabar guztiak nolakoak izango diren zehazteko, bai eta horren guztiaren ondoriozko lege-estaldura eta erantzukizunak zehazteko ere.Atsekabe-egoera honetan, profesionalen gabezia nabaria denean eta osasun publikoaren funtzionamendua larriki hondatzen ari den asistentzia-gainkargarekin, sistemak pairatzen dituen arazoak konpondu  beharrean eta talentu medikoa atxiki eta erakarri beharrean, Administrazioak epe laburreko konponbideak proposatzen ditu.

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.