
Iritziak
Euskadiko Osasun Ituna
Gaur, ekainak 27, amaitu da Euskadiko Osasun Itunaren mahaia, ia hamar hilabeteko ibilbidearen ondoren

Lehendakariaren ekimen hori Osasun Sailak gidatu du. Mahaia hogei erakundek baino gehiagok osatu dute (pazienteen eta familien elkarteak, sindikatuak, alderdi politikoak, osasun-arloko elkargo profesionalak eta Euskadiko hiru unibertsitate).
Hasieratik, Osakidetzak azpimarratu du ekimen horrek ez duela Osasuneko Mahai Sektoriala ordezten, eta Osakidetzako langileei eragiten dieten lan-gaiak mahai horretan ordezkaritza duten sindikatuekin negoziatzen jarraituko dela.
Idazketa hiru dokumentutan islatu da: “Baloreen eta printzipioen ikuspegi”, “Diagnostikoa” eta “Ildo estrategikoak”.
Lehenengo bi multzoak (“Baloreen eta printzipioen ikuspegia” eta “Diagnostikoa”) SMEk sinatu zituen, alderdi guztietan ados egon ez arren.
Hirugarren eta azken blokea, “Ildo estrategikoak”, gaur aurkeztu dena, hainbat gai aztertu dituzten hogeita lau talde eratuz landu da (onkologia, gaixotasun kardiobaskularrak, osasun mentala, osasunaren prebentzioa eta zaintza, denbora-mendekotasuna duten patologien arreta…).
SME lantalde guztietan egon da, eta hirurogeita hamar alegazio inguru aurkeztu ditu. Gehienak baztertu egin dira, baita formari edo idazkerari buruzkoak ere. Horregatik SMEk erabaki du dokumentu hori ez babestea, eta ez du Itunean jarraituko; beraz, ez da urrengo bileratera joango (espero da hurrengoa urtebete barru izatea).
Ildo horretan, SMErentzat onartezinak diren hiru gai egon dira, beste erakunde sindikal eta politiko batzuentzat izan diren bezala. Erakunde horiek ere ez dute Itunean jarraituko, arrazoi desberdinengatik.
- Kolektibo fakultatiboari eragiten dion arazo konplexua, batez ere profesionalen gabezia, erabat lausotuta geratu da testuaren beste alderdi batzuen artean.
- Osasun-arloko lanbide-profilen arteko eskumen-mugaren deskribapen “lauso” bat dagoela behin eta berriz. Muga horiekin lotutako arau- eta lege-babesa testuan jasota geratzea eskatu dugu, baina ez da egin.
- Azkenik, aldeak egon dira erakundeen artean erakunde pribatuek Euskal Osasun Publikoan izan behar duten zereginari dagokionez. Euskadiko Osasun Publikoa indartzea funtsezkoa da SMErentzat. Hala ere, gure ustez, aurrerapen teknologikoak, I+G eta abar gero eta pisu handiagoa hartzen ari dira egunerokoan, eta horiek, hein handi batean, eremu pribatuan daude. Horregatik, jarduera honetan, kontuen kontrola, gardentasuna eta errendimendua bermatzen badira, uste dugu bateragarria dela lankidetza publiko-pribatua, une jakin batzuetan edo behar izanez gero.
Azken batean, SMEk ez du Osasunaren Euskal Ituna sinatu. Baina Osakidetzako ordezkaritza- eta negoziazio-organoetan lan egiten jarraituko dugu, Euskal Osasun Sistema Publiko indartsua eta pazientea ardatz nagusi izango duena defendatuz. Era berean, ordezkatzen ditugun profesionalen interesak defendatzen jarraituko dugu.