Iritziak
Euskadiko Sendagileen Sindikatua: sendagileak gara, ez txotxongiloak
Euskadiko Sendagileen Sindikatuak 22.06.26ko manifestazioan parte hartu zuen, Osasun Publikoaren alde (ikus prentsa-oharra / ikus albistea)
Horregatik, harritu egin gaitu informazioa galdetu eta egiaztatu gabe ospe handiko komunikabide batek SME aipatu izanak zera esateko: “Euskadiko Sendagileen Sindikatuak izan ezik, gainerako sindikatuek Lehen Mailako Arretaren desegitea salatu dute”. SMEren siglak pankartan ez egoteak, gainerako sindikatuen siglekin batera, sindikatuen arteko plataforman ez gaudela adierazten du, besterik ez. Hala jakinarazi diogu hedabide horri, eta berezko duen profesionaltasunarekin azkar konpondu du akatsa. Eskertzen dugu.
Halako gaizki-ulertuak, batzuetan, gure kolektiboa defendatzeko eta gauzak egiteko estilo desberdina izateagatik ordaindu beharreko prezioa dira. Izan ere, Sendagileen Sindikatua izan zen, hedabide guztietan, Gotzone Sagardui sailburuaren adierazpen larriak gaitzesten lehena (ikus prentsa-oharra) eta bakarra, sendagileen Elkargoarekin batera, bere kezka eta kontrako jarrera adierazten sendagileak falta diren lekuetan erizainak jartzeko ideiaren aurrean.
SMEk eta gainerako sindikatuek aldarrikapen komun batzuk izan baditugu. Baina inolaz ere ez gatoz bat arazoaren diagnostikoarekin, ezta, logikoa denez, konponbidearekin ere. Beraiek, oro har, plantilla aipatzen dute. Guk, aldiz, fakultatiboen kolektiboan jartzen dugu begirada, pazienteei begira lan egiten duten eta lan-gainkarga jasaten duten lankideengan, alegia. Horregatik, Lehen Mailako Arretaren eta, oro har, osasun-sistemaren funtsezko arazoa profesional medikoen defizita dela ongi baino hobeto dakigu, esperientziaren eskutik jakin ere (ez kanpai hotsengatik). Argi dago.
SMEk fakultatiboen kolektiboa ordezkatzen du, osasun-sistemaren ardatza.
Ez gara txotxongiloak, ez Osakidetzarenak, ez sindikatu arteko elkartearenak, ez inorenak. Sindikatu profesionala gara, ez pankartaduna. “Hedabideetako azaletan agertzeak” ez digu loa galarazten. Axola zaigun gauza bakarra ordezkatzen dugun kolektiboaren arazoak konpontzea da. Profesionalentzako lan-baldintza ezin hobeak lortzea da gure leitmotiva, eta horrek bermatuko du herritarrei laguntza egokia ematea, eta, ondorioz, kalitatezko Osasun Publikoa egituratzea.