A28 Hauteskundeak

Ataria » Hauteskunde sindikalak, hausnarketa-eguna

Hauteskunde sindikalak, hausnarketa-eguna

Bihar Osakidetzako hauteskunde sindikalen aurreko hausnarketa-eguna da

Sendagileen Sindikatuan gure ondorioak atera ditugu hauteskunde-prozesu honi buruz, eta ordezkatzen dugun sendagile taldearekin partekatu nahi genituzke.

Ez dakigu horri hauteskunde sindikalak edo “tronu-jokoa” deitu. Sendagileen Sindikatuan etika bat izan behar dela uste dugu. Hauteskunde sindikalak Osakidetzako langile guztiei ahotsa emateko dira. Horregatik, bere garaian, aurreko Giza Baliabideen Zuzendaritzari proposatu genion botoa telematikoki emateko aukera (bakoitzak bere NANarekin eta gako pertsonalarekin), parte-hartzea errazteko. Esan zigun ez zuela hori baloratzeko eragozpenik, betiere langileak ados jartzen baziren, baina ez zen halakorik gertatu, gainerako sindikatuek ezetz bozkatu zutelako. Zergatia ez dakigu zehatz-mehatz, baina uste dugu pentsatu zutela horrek nolabaiteko abantaila ematen zigula fakultatiboen kolektiboari, izan ere, guretzat botoa emateko dugun eskubidea egikaritzeko handicap handia baita “kontsulta” utzi behar izatea.

Osakidetzan hauteskunde sindikalei buruz dagoen ezjakintasuna izugarria da. Pertsona askok ez zekiten bere existentziaren berri, beste batzuek ez zekiten Sendagileen Sindikatuari botoa eman ziezaioketela bertan afiliatuak izan gabe. Baina okerrena ez da hori. Benetan kezkatzen gaituena da jakin badakigula oraindik kide batzuk ez direla jabetzen SMEri botoa ematearen garrantziaz. Finean, boto bat gora, boto bat behera, ez doala inora pentsatzen duen jendea bada, eta egia biribila dena da boto bakar batek erabaki dezakeela negoziazio-mahai sektorialean egotea ala ez egotea.

Baliteke pertsona batzuentzat garrantzirik gabekoa izatea hori, baita klase-sindikatuei botoa ematea normaltzat hartzea ere. Sindikatu horiek beren interesak ordezkatzen dituzten beste kategoria batzuen gainetik sendagileak lehenetsiko balituzte bezala. Eta zer esan erizaintza eta medikuntza parekatu nahi duen sindikatuez. Horienak ez du nondik heltzerik.

SME sindikatu profesionala da, atxikipen politikorik gabea, eta soilik lanbidearen eta profesionalen eskubideen defentsan dihardu. Sindikatuko partaide gehienok profesionalak garenez, sindikatuko lana eta asistentzia-jarduera uztartzen ditugunak, ondo baino hobeto ezagutzen dugu fakultatiboek egunerokoan izaten dituzten arazoak, gainerako lankideek bezala pairatzen ditugulako. Horregatik, gure helburuen artean, sendagileon lan-baldintzak hobetzea eta gure prestakuntza zabala eta erantzukizun berezia aitortua izan dadila lortzea nabarmentzen dira.

Deigarria da SMEk lortzen dituen abantailak denbora luzez jardun eta gero lortzen dituela, baina ahaztu berehala ahazten direla. Adibidez, lanbide-garapeneko ezohiko deialdian antzinatasunagatik bakarrik maila lortzea, zerbitzu-eginkizunetan emandako denbora lanbide-garapenean kontuan izatea, % 40ko edo % 70eko gehikuntzak ospitaleko bisita-pasean, GKU baliogabetzea, osagarrien aintzatespena eta emergentzietarako gainjartzea, astean 35 orduko lan egitea, LKUEak, LMAko sendagileentzako 101 plaza eta pediatriako 7 plaza sortzea, adinagatiko guardien salbuespena eta konpentsazio-moduluak fakultatiboentzat soilik, hirurtekoak ordaintzea bitarteko langileei, erretiroa 68 urtera borondatez luzatzea, historiako fakultatiboentzako plaza gehien dituen 16-17 LEPa… beste askoren artean, ez dira zerutik eroritako ogia, baizik eta Sendagileen Sindikatua osatzen dugun pertsona guztien lanaren eta ahaleginaren emaitza, eta guzti-guztia gure alde daudenei esker egiten dugu.

SME sindikatu txikia denez, ordezkari-kopuruari dagokionez, beste sindikatu batzuekin alderatuz gero, hauteskunde-prozesu osoan zehar afiliatu eta/edo kolaboratzaileengana jo behar izan dugu laguntza eske. Horrela, jendeari gure zerrendetan izena ematea eta Sendagileen Sindikatuko ikuskatzaile izatea eskatu diogu. Harritu egin gaitu pertsona horiek une oro izan duten erantzun onak eta konpromisoak. Izan ere, hautagaitzak arlo guztietan aurkeztea lortu dugu, eta hori, a priori, zaila zirudien. Horregatik guztiagatik, biziki eskertuta gaude.

Espero dezagun etzi, ostegunean, kolektiboaren defentsan emandako laguntza, lan eta gogo horrek guztiak bere fruitua eman dezan. Ea profesionalak kontzientziatzen diren, inplikatzen diren, lankideak animatzen dituzten eta SMEri botoa ematera joaten diren. Horren araberakoak dira sendagileen lan-baldintzak eta ongizatea.

Ez utzi besteei zure ordez erabakitzen.

Bozkatu SME.

Pentsatu talde moduan!