Iritziak

Ataria » Osakidetzako Zuzendaritzak desengainatu egiten gaitu eta errespetu faltaz jokatzen du txertaketa-kanpainari buruzko informazioa ezkutatuz

Osakidetzako Zuzendaritzak desengainatu egiten gaitu eta errespetu faltaz jokatzen du txertaketa-kanpainari buruzko informazioa ezkutatuz

5 egun nahikoa izan ditu txertaketaren martxaz iritziz aldatzeko

Osasun arloko profesionalen arteko txertaketa kanpainaren hasiera albiste bikaina da guztiontzat. Euskadiko Sendagileen Sindikatukoak poztu egiten gara, baina erabat etsita gaude albistea ezagutu dugun moduagatik.

Izan ere, gure sentsazioa da txertaketa-kanpaina kaotiko eta ilunkara baten aurrean gaudela. Izan ere, erabakiak hartzeko orduan, ustekabean hartzen direla ematen du, Osakidetzako profesionalen legezko ordezkari garenok kontuan hartu gabe. Horregatik, zuzendaritzak adarra jotzen digunean, langile guztiei jotzen die inolako errespeturik erakutsi gabe.

Atzo, urtarrilaren 13an, Osasun sailburua Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean agertu zen, osasun-langileei txertaketa-kanpainaren azken nobedadeen berri emateko. Eta, bitxia bada ere, bost egun lehenago Segurtasun eta Osasun Batzorde Korporatiboan sindikatuei emandako informaziotik nahiko urrun ibili zen. Hona hemen adibide esanguratsu bat.

Joan den urtarrilaren 8ko Batzorde hartan, Osakidetzako Zuzendaritzak ofizialki esan zigun Pfizer edo Moderna txertoa jarriko zela (prestasunaren arabera), eta Otsailaren erdialdetik aurrera hasiko zirela txertoa jartzen. Bost egun geroago, urtarrilaren 13an, txundituta geratu ginen, sailburuak berak Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordeari alderdi hauen berri eman zionean. Zera esan zuen:

  • Osasun-langileak txertatzeko erabiliko dena Modernarena izango da. Gaur egun Osakidetzk 1.400 unitate dauzka Gurutzeta Ospitalean.
  • Osasun-langileen txertaketa berehala hasiko da.

Sinestezina da hilaren 8ko Osasun Batzorde hartan hain informazio garrantzitsua den hori ez izatea Batzorde Korporatiboak eskura. Nolanahi ere, eta Osakidetzako Zuzendaritzak zorte-kolpe bat izan duela eta ustekabean zerutik eroritako 1.000 txerto-dosi baino gehiagorekin topo egin duela pentsatuta ere, zergatik ez zaizkie sindikatuei komunikabideei baino lehenago jakinarazi?

Sindikatuei informazioa ezkutatzea, hedabideei lehentasuna emateko, Osakidetzako Zuzendaritzak azkenaldian etengabe egiten duen joko maltzurra da. Hain zuzen ere horregatik altxatu eta alde egin genuen sindikatu guztiok azaroaren 26ko Mahai Sektorialetik.

Horrelako jarrerek egunero gure erakundeko profesionalei ematen diegun informazioa zaborrontzira botarazten dute. Eta hori bereziki larria da une honetan, txertaketaren prozesuak eta txertoaren beraren eraginak osasungintzan dihardugunon osasunari hain latz eragiten diotenean.

Politika zuzena jorratzea baino dominak jartzea maiteago duten buruzagiek, edozer gauza egiteko gai dira, baita Osakidetza bezalako enpresa publiko batek bere langileekin eta ordezkatzen dituzten sindikatuekin izan beharko lituzkeen adeitasuna, betebeharrak eta leialtasun instituzionala bazter uzteko ere.

Gero, “akatsa izan da”, “ez da berriro gertatuko” edo horien oso antzeko esaldi hutsak botako dituzte. Baina, hainbestetan jarri dizkigute horrelako aitzakiak, eta baita barkamena eskatu ere, behin baino gehiagotan, nazkatuta baikaude asmo okerrez zipriztindutako trikimailu horiekin.

SMEkooi ez zaigu ahaztuko.