Iritziak

Ataria » Larrialdi eta Emergentzietako Medikuntzako Espezialitatea: itxaronaldia amaitu dela dirudi

Larrialdi eta Emergentzietako Medikuntzako Espezialitatea: itxaronaldia amaitu dela dirudi

Larrialdi eta Emergentzietako Medikuntza espezialitatea sortzeko beharra eskaera historikoa da… Euskadin, zehazki, hainbat erakundek aktiboki lan egin dugu ildo horretan.

Izan ere, Euskadiko Sendagileen Sindikatuak EUREME (Euskadiko Urgentzietako eta Emergentzietako Medikuak) plataforma sortzen lagundu zuen. Sortu zenetik, bertako kide diren medikuek hainbat ekintza egin dituzte MUYE (Larrialdi eta Emergentzietako Medikua) espezialitatea aldarrikatzeko. Eragin handiena izan dutenak, maiatzaren 27ko kontzentrazioak izan dira, EKALMErekin batera Larrialdien eta Emergentzien Nazioarteko Egunean egindakoak. Era berean, SMEk lagundu egin zion plataformari Eusko Legebiltzarrean 2022ko martxoaren 7an egindako agerraldian.

Erakunde eta profesional askoren lan iraunkor horrek 2023ko martxoaren 21ean eman zituen emaitzak, Osasun Sistema Nazionaleko Giza Baliabideen Batzordeak MUYE sortzea proposatu zuenean. Sorrera hori Osoko Bilkuran onartu zuten autonomia-erkidego guztiek. Horrela hasi zen irailaren 8an argitaratutako Errege Dekretuaren proiektua egiten.

Proiektu horretan zortzi autonomia hauek parte hartu dute: Aragoi, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Katalunia, Valentziako Erkidegoa, Galizia, Madril eta Errioxa. Autonomi horiek mediku egoiliarren eskaerak, tutoretzak eta aurrekontuen kalkulua aurkeztu dituzte..  

Bitxia da Euskal Autonomia Erkidegoak bertan parte ez hatu izana, batez ere euskal erakundeek hainbat aldiz eskatu dutelako jendaurrean espezialitatea sortzea eta horren alde agertu direlako. Ildo horretan, Sagardui andreak, Galiziako kontseilariarekin batera, Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Osoko Bilkuran (22/07/05) manifestu bat aurkeztu zuen, Lehen Mailako Arretaren aldeko neurriak jasotzen zituena, eta bigarren puntuan MUYE espezialitatea eskatzen zuena. Gainera, SMEk lehen eskutik jaso zuen aldeko iritzia talde politikoen aldetik, lehen aipatutako agerraldian, Eusko Legebiltzarrean, 2022an.

Euskadiko Sendagileen Sindikatukooi koherentziarik eza eta interes falta nabarmena iruditzen zaigu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egin beharreko lanak egin ez izana, Ministerioak espezialitate horren sorrera iragarri ondoren. Horregatik, joan den astean, horren inguruko azalpena eskatu genion Sailari. Erantzunaren zain jarraitzen dugu.

Hala ere, lasaitasuna helarazi nahi diegu MUYEren etorreraren zain hamarkadak eman dituztenei, Osakidetzaren utzikeriak ez baitu eragotziko espezialitatea gure lurraldean hedatzea.

** Hemendik aurrera edukia afiliatuentzat da soilik**