Iritziak

Ataria » Emergentzietako Autokontzertazioa: pausoz pauso

Emergentzietako Autokontzertazioa: pausoz pauso

Osakidetzak, Sendagileen Sindikatuak presionatuta eta egoerak behartuta, 22/08/03an emandako Autokontzertazio Jarraibide berri bat atera du Emergentzietako Medikuentzat

Euskadiko Sendagileen Sindikatuak denbora luzea darama aparteko orduen irizpide ekonomikoak homogeneizatzen pazienteei hasierako arreta ematen dieten zerbitzuetan: LMAn, EAGn, Larrialdietan eta Emergentzietan.

Duela gutxi, EAGetako langileei ere A modalitatea ordaintzea lortu du SMEk, baina Giza Baliabideen Zuzendaritzak uko egin zion Larrialdi eta Emergentzietako langileei irizpide bera aplikatzeari, argudiatuz EAGa bai dela Lehen Mailako Arreta baina Larrialdiak eta Emergentziak ez; nahiz eta, bere garaian, biak aipatzen zituen 5/2018 Jarraibidea atera zen (EAGak eta Emergentziak). Jarraibide hartan 12 orduko modulu bakoitzeko laneguneko 400 euro ordaintzea aurreikusten zen eta 450 euro asteburuan, gauean edo jaiegunean.

22/07/28ko Mahai Sektorialaren aurretik egindako Aldebiko Bileran, Euskadiko Sendagileen Sindikatuak argi utzi zion Osakidetzari gai hori marra gorri bat zela. Are gehiago, Administrazioari erabakia errazteko asmoz, Excel orri bat bidali zion betetako aparteko txandei buruzko datuekin (lanegunen, gauen eta jaiegunen arabera bereizita) eta ospitaletako Larrialdietan eta Emergentzietan bete gabe zeudenekin, bai eta SMEk planteatzen duen ordainketa moduarekin alderaketa bat ere.

Sendagileen Sindikatuak A modalitatearen pareko zenbatekoa eskatu zuen Larrialdietarako zein Emergentzietarako. Lan Harremanen Zuzendaritzarekin hainbat elkarrizketa izan ondoren, baietz esan ziguten, Emergentzietako Autokontzertazioan goranzko hobekuntza egingo zela, baina ez Larrialdietakoan, han egungo ordainsaria egokia zela uste baitzuten.

Osakidetzak ez duenez beti hitza bete, ezta adostutako gaietan ere (Lanbide Garapena, Lekualdatze Lehiaketa), Emergentzietako Autokontzertazioa gauzatzeko Jarraibide berria ateratzeko eskatu genion SMEkook, edo bestela, haren zirriborroa emateko, ez zegoela, ez trikimailurik, ez iruzurrik egiaztatu ahal izateko. Hori izan zen gure baldintza bakarra 22/07/28ko Mahai Sektorial telematikoan parte hartzeko.

Giza Baliabideen Zuzendaritzak ez zigun eskatutakoa eman nahi izan, eta, horregatik, SMEkook erabaki genuen, konektatuko ez zen sindikatu bakarra izango ginela jakin arren, ez parte hartzea “artalde gisa” helburu informatibo hutsa zuen mahai sektorial batean.

Azkenik, Osakidetzak, Sendagileen Sindikatuak presionatuta eta egoerak behartuta (izan ere, egun batzuetan ez baita egoten mediku koordinatzailerik eta behin baino gehiagotan anbulantzia medikalizatuak eurak ere egokitu behar izaten baitira), amore eman du, eta, azkenean, goian aipatu dugun eta hain borrokatua izan den jarraibidea atera behar izan du. Jarraibide hori, SMEk eskatzen zuenaren % 100 jasotzen ez badu ere, aurrerapen nabarmena da Emergentzietako aurreko egoerarekin alderatuta, orain Ospitaleko Larrialdiekin parekatzen baita.

SMEren estrategia eta neurriak, “hainbeste zalapartarik gabe”, modu diskretu baina koherente eta irmoan, pixkanaka baino etengabe hobekuntza esanguratsuak lortzen ari dira medikuen kolektiboarentzat.

Sendagileen Sindikatuak, Administrazioaren keinu hori, nahiz eta alde batekoa eta berantiarra izan, urrats txiki bat bezala balioesten du negoziazioaren bidean, eta, aurreko buletinean esan genuen bezala, Osakidetzak “jarrera begirunetsuagoa” erakusten badu, Sindikatu honek ez du eragozpenik izango Mahai Sektorialera berriz joateko.