Iritziak

Ataria » Lehen Mailako Arreta Indartzea ala behartzea? Horra hor gakoa

Lehen Mailako Arreta Indartzea ala behartzea? Horra hor gakoa

Azken egun hauetan hainbat komunikabidetan irakurri ahal izan dugunez, sailburuak premiazko erronka gisa ezarri du gaixoak “48 orduko epean” bere anbulatorioan artatzea

Eta egia izan behar du hori dela bere helburu nagusietako bat Lehen Mailako Arretari dagokionez; izan ere, duela gutxi, SMEn, Bilboko ESIko osasun-zentro bateko administrazio-langileei bidali zaien, sinadurarik gabeko dokumentu baten berri izan dugu. Bertan, jarraibide zehatzak ematen zaizkie paziente batek hainbat arrazoirengatik hitzordua eskatzen duenean, dela ezin duelako itxaron, dela medikaziorik ez duelako, dela alta behar duelako laneko baja baten ondoren… nola jokatu jakiteko.

Jarraibideak, funtsean, behar diren hitzordu guztiak behartzera mugatzen dira, sendagilearen agenda edozein dela ere.

Gauzak horrela, Sendagileen Sindikatukook Osasun Sailak Lehen Mailako Arreta indartzeari buruz hitz egiten duenean, behartzeari buruz ari dela argi ikusten dugu. Izan ere, SMEn ulertzen dugun bezala eta RAEn jasota dagoen bezala “indartzeak” esan nahi du:

  • Zerbaiti indar edo sustapen berriak gehitzea.
  • Hondamena edo kaltea dirudiena indartzea, konpontzeko.

Hala ere, dokumentu horretan behartzea planteatu da, hau da, Lehen Mailako Arretako profesionalak eta, bereziki, fakultatiboak mugarik gabe behartzea.

Eta hori guztia sailburuaren nahietara bideratuta dago, itxaron-zerrendak murriztuz Osakidetzaren azken urteetako “irudia garbitzera”, alegia. Ikusten da sailburuak besteen ahalegina behartuz konpondu nahi duela dena. Baina horrek ez du nahitaez ekarriko pazienteei ematen zaien asistentzia-kalitatea hobetzea, Osakidetzak berak eta bertan dihardugun profesionalok nahi dugun bezala.

Gaur egun, Sendagileen Sindikatua “Osasunaren Euskal Itunaren” plataformako kide da. Oraindik “diagnostikoaren fasean” bagaude ere, aurreko buletinetan aurreratu dugun bezala, sendagile faltaren funtsezko arazoa diluituta geratzen da beste erakunde batzuen eta Osakidetzaren ekarpenen artean.

Hurrengo bilera urriaren 30ean izango da, eta bertan, ustez, “tratamendu-fasean” sartuko gara. SMEk proposamen asko ditu osasun eremuak sustatzeko moduari buruz, sendagileak fidelizatzeko eta kontratatzeko premia larria ahantzi gabe, jakina. Proposamen horiek askotan helarazi dizkiogu Osakidetzari. Lehen Mailako Arretan, zehazki, azpimarratu dugu oso garrantzitsua dela kontsultak burokraziatik at edukitzea, agenden autokudeaketa ahalbidetuz kalitatezkoak izan daitezen (gehienez 35 paziente eta gutxienez 10 minutu paziente bakoitzeko), bai eta sistema informatikoa hobetzea, eta betetzen zailak diren plazak identifikatzea eta sustatzea ere, besteak beste.

Espero dezagun Osasunaren Euskal Itunaren bigarren fase honetan Sendagileen Sindikatuaren hobekuntza-proposamenak kontuan hartzea. Hala ez bada, ez du inolako zentzurik izango foro horretan parte hartzen jarraitzeak. Sailburuak dokumentuan dena behartzearen alde azaldutako jarrerak, Lehen Mailako Arreta arrandegiko ilara bihurtuz, Etengabeko Arretako Guneen, Emergentzien eta abarren egoera larriak direla eta, forotik kanpora bultzatzen gaituzte.