Iritziak

Ataria » MARTXOAK 8: soldata-arrakala Osakidetzan

MARTXOAK 8: soldata-arrakala Osakidetzan

Soldata-arraila edo soldata-arrakala gizonezkoen eta emakumezkoen soldaten arteko desparekotasuna da, eta ehunekotan adierazten da

Soldata-arrakala eta soldata-diskriminazioa bi gauza dira. Diskriminazioa, lan beragatik diru gutxiago ordaintzen denean gertatzen da, eta hori delitua da.

Soldata-arrakala egiturazko desberdintasun-egoera bat da, eta faktore askok eragiten dute egoera hori gauzatzean. 2019an, Berdintasun Planaren arabera, % 20,40ra iristen zen soldata-arrakala Osakidetzan, eta hori zifra handia da plantilla feminizatua duen erakunde batean (Osakidetzan, % 79 emakumezkoak dira).

Sendagileen kategoria aztertuz gero, non emakumeak % 64 baitira, desparekotasun hori argi ikusten da. Ospitaleetan, esate baterako, emakumezko diren sendagileek gizonezko direnek baino % 10,93 gutxiago kobratzen dute, eta Lehen Mailako Arretan % 11,52 gutxiago. Aipatzekoa da Lehen Mailako Arretan emakumezko sendagileak plantilla medikoaren % 70 direla.

Errealitate hori ulertzeko horra bi arrazoi: Osakidetzan aginte-postuetan emakume gutxiago dago eta lanaldi partzialeko enplegua duten sendagileetatik gehiengo nagusi bat emakumezkoa da.

Osakidetzan lanaldi-murrizketen % 88 emakumezkoek eskatzen dituzte, eta ohikoagoa da emakumeek lan-ibilbidea etetea haurdunaldia edota amatasuna direla eta, gizonek baino. Egoera horrek ez du batere laguntzen emakumeen lanbide-sustapenean; izan ere, lanbidearen garapenak alde batetik lanaldi jarraitua osoa eskatzen du, eta, bestetik lanetik kanpo denbora izatea prestakuntza- eta ikerketa-jarduerak egin ahal izateko.

Agerikoa da gizonezkoek beren lanbidean ematen duten denboraren araberakoa izan ohi dela etxeko lanari eskaini ahal izaten dioten denbora. Ez da horrela izaten, ordea, senitartekoak, adingabeak eta/edo mendeko adinekoak dituzten emakumezkoen kasuan. Azken horiek larri ibili ohi dira lan eta familia-bizitza kontziliatu edo bateragarri egiteko orduan. Emakumezkoak soldatapeko lanetan hasi ziren etxeko errentari laguntzeko, gizonezkoek, aldiz, ez ziren neurri berean hasi, zaintza lanez arduratzen.

Horrela, Berdintasun Planean, emakumeen garapen profesionala oztopatuko ez duten, kontziliazio-neurriak hobetzeko arlo eta ekimen batzuk jasotzen dira, arrazoiak identifikatzeko eta soldata-arrakala murrizteko helburuekin.

Era berean, gizonezkoak zainketen erantzunkidetasunaz sentsibilizatzeko beharra planteatzen da, eta hori funtsezkoa da, ez bakarrik enpresa honetan, baizik eta gizarte bidezkoago eta egokiago baten oinarri gisa.