Iritziak

Ataria » Osakidetzaren eta Donostia Unibertsitate Ospitalearen arteko gatazka

Osakidetzaren eta Donostia Unibertsitate Ospitalearen arteko gatazka

Donostia Unibertsitate Ospitalean gertatu berri diren gertakarien eta zentro horretako zuzendarien kargu-uzteei buruz zerbitzu-buruek egindako adierazpenak entzun ostean, Euskadiko Sendagileen Sindikatukook gure harridura eta kezka adierazi nahi dugu horren guztiaren gainean

Sindikatu profesional gisa, medikuen lan-interesak defendatzea da gure eginkizuna, pazienteei ematen zaien laguntza hobetzeko. Azken urteotan eginkizun horrek, gure ahalegina eta ekarpenak gorabehera, “zailtasun handiak” izan ditu Osakidetzarekin, oro har, eta Donostialdeko ESIarekin, bereziki, bidea egiteko.

Orain zentro horretan ikusten den gatazka aipatutako elkarrizketa-akatsaren beste ondorio bat da, are larriagoa orain, ESIko zuzendaritza-taldearen barruan agertzen delako, non eta zerbitzu-burutzak ere taldearen partaide baitiren.

Osakidetzak zuzendaritza-karguak eta zerbitzuburuak izendatzeko ahalmena badu ere, izendapen askearen bidez eta haiengan duen konfiantza medio, egia da pertsona horiek edozein unetan bazter ditzakeela. Hala ere, kasu zehatz honetan, deigarria da zein traketsak izan diren kargugabetzeak.

Egoera horrek guztiak ezinegon handia sortu du, eta, horren ondorioz, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko buruzagitzak errebindikazio-plataforma batean batu dira. Plataforma horrek, bere burua “erakunde ez-sindikal” gisa definitzen du, eta, orain arte, ez da harremanetan jarri Sendagileen Sindikatuarekin. Esan gabe doa SMEn beti errespetatu ditugula Osakidetzan denboran zehar sortu diren mota horretako ekimen guztiak, ez bakarrik ospitale mailan, baita beste asistentzia-eremu batzuetan ere.

Hori esanda, ezin dugu kontuan hartu gabe utzi Osakidetza tamaina handiko erakundea dela, hainbat aldaera eta zirkunstantzia dituela, eta arazoei aurre egiteko, nahiz eta toki mailakoa iruditu batzuetan, Erakundea bere “osotasunean” hartuta jokatu behar dela askotan.

Garai zailak bizi ditugu, eta orain, inoiz baino gehiago, Sendagileen Sindikatukook negoziazioa eta arazo hauentzako eta beste batzuentzako konponbiderik onenak bilatzen ahalegintzea bultzatuko dugu, kalitatezko osasun publikoa eta ordezkatzen dugun fakultatiboen kolektibo osoaren interesak defendatzen jarraitzeko helburuaz, SMEk beti defendatu dituen berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak errespetatuz.