
Iritziak
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuok mobilizazioen dinamika hasi dugu Osakidetzan, negoziazioa eskatzeko eta gure osasun publikoa babesteko
Osakidetzaren demokratizazioak Mahai Sektorialaren blokeoa gainditu eta langileen ordezkariekin benetako negoziazioa eta edukiak bultzatzea eskatzen du

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuok, Osasuneko Mahai Sektorialeko kide garenok, urteak daramatzagu salatzen Osakidetzak Mahai Sektorialetan ez duela negoziatzen, Osakidetzak egiten duena da nahi duenaz nahi duenean hitz egin, besterik ez.
Egoera horrek, hobera egin beharrean, okerrera egin du, eta erabateko blokeora eraman gaitu. Eta hori guztia gure osasun publikoaren narriadura ukaezina den une batean, bai profesionalontzat, bai herritarrentzat.
Urte hasieran, sindikatuok Mahai Sektorialetik altxatu egin ginen, eta uda ostean, egoerak berdin jarraitu du. Egoera desblokeatzeko asmoz, Osakidetzako Zuzendaritzari bi aldiz deitu diogu LHKren bilera batera etor dadin, baina ez da bertaratu. Joan den abenduaren 7an, sailburuarekin bildu ginen, eta lehen jarrerarekin jarraitzen duela ikusi genuen; konpromisoak hartzeko eta egoera bideratzeko haien borondatea hutsaren hurrengoa da, eta monologoaren bideari darraie euren asmoak inposatuz.
Langileak eta herritarrak nazkatuta gaude. Premiazko konponbideak behar ditugu, gure osasun publikoaren narriadurak eragindako egiturazko arazo larriei aurre egiteko. Urteak daramagu arazo horiek salatzen. Horregatik, mobilizaziora deitzen zaituztegu, guztion artean hori lortzeko.