Iritziak

Ataria » Sindikatu Arteko Plataforma – greba usaina dabil

Sindikatu Arteko Plataforma – greba usaina dabil

Osakidetzak Giza Baliabideen Zuzendaritza aldatu zuenetik, gure harremanak Administrazioarekin okerrera egin du

Zuzendaritza taldekoak Euskal Osasun Publikoari buruz eta, zehazkiago, medikuen kolektiboak dituen zailtasunei buruz, erabateko ezjakintasuna balu bezala jokatzen du,. Edo ez dakite, edo okerragoa dena, bost axola zaie. Bestela ez dago azaltzerik profesionalen arazoei aurre egin eta konponbideak bilatzeko duten interes hutsala. Horri gehitu behar zaio elkarrizketarako eta negoziaziorako erakusten duten gaitasun gabezia.

Garai batean, Sendagileen Sindikatuaren eta Administrazioaren arteko lan-dinamika oso bestelakoa zen. Gaiak luze eta zabal eztabaidatzen ziren aldebiko bileretan, eta, ondoren, akordio bidez lortutako gaiak Mahai Sektorialean berresten ziren. Ez dauka zerikusirik egungo egoerarekin. Izan ere, Mahai Sektorialak elkargune informatibo huts bihurtu dira, eta Osakidetzak, SMEren eta gainerako sindikatuen onespenik izan ez arren, interesatzen zaizkion gai guztiak “dekretuz abiarazteko” baliatzen ditu, “Mahai Sektorialetik pasa badira, alderdi sozialarekin negoziatuta daude” argudiatuz.

Testuinguru horretan, negoziazio eza sindikatu guztiok argi eta garbi ikusten dugun gabezia bat delako, eta Administrazioari presio handiagoa egiteko asmoz, berriz ere sindikatu arteko plataforman sartzea erabaki genuen SMEkook. Harrezkero, egokitzat jo ditugun ekintzetan parte hartu dugu, batez ere kontzentrazioetan eta manifestazioetan.

Norbaitek pentsa dezake gainerako sindikatuen “jarraipen politikoa” egiten dugula, ez baitu ulertuko zer egiten dugun “ukitu politiko” nabarmena duen plataforma batean non medikuen kolektiboaz arduratzen den erakunde bakarra baikaren SMEkoak. Baina errealitatea oso bestelakoa da.

Manifestazio jendetsuen ondoren (hori bai, herritarren eta elkarte batzuen deiari erantzunez), sindikatu arteko plataforman proposatu duen hurrengo urratsa greba da.

Izan ere, martxoaren azken astean hiru eguneko greba egitea proposatu zen. Guk Euskadiko Sendagileen Sindikatuak uko egin genion erabat, alde batetik proposatzen zuten errebindikazio-taula oso zabala izanik aukera gutxi eskaintzen zuelako, eta bestetik eskaerek ez zituztelako islatzen gure kolektiboaren beharrak, Lehen Mailako Arretaren eremuan barne.

Gainera, bazen eskaera bat ez zitzaiguna batere gustatzen. Ez gaude ados, esatebaterako, kategoria guztientzat 300 euroko igoera lineala eskatzearekin. Hau da, “guztiontzako kafea” egitearekin. Izan ere, igoera horrek medikuen kolektiboarentzat % 6ko igoera suposatzen du, baina beste kategoria batzuentzat % 20koa. Sendagileen Sindikatuarentzat hori onartezina da. Guri, zentzuzkoagoa iruditzen zaigu 2010etik galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea, hori profesional bakoitzaren soldata-masaren arabera kalkulatzen baita.

Horren harira, aipatu behar da aldarrikapenen taularen gaiak gatazka bat sortu duela SMEren eta plataformako gainerako sindikatuen artean, ez baitute nahi idatziz islatzea edo beren siglekin babestuta geratzea kolektibo fakultatiboarekin zerikusi zuzena duen edozer (ikus Aldarrikapen Proposamena). Hainbesteraino, non eztabaidagai nagusia Sendagileen Sindikatuak egindako eskaera izan den, alegia, Lehen Mailako Arretan 35 paziente baino gehiagoren eta gutxienez 10 minutu pazienteko kalitatezko agendak egon behar direla. Dirudienez, beste sindikatuei eskari hori ez zaie iruditzen “gainerako kategoriekin inklusiboa” denik, nahiz eta batzuk harro agertu kategoria medikoa ere ordezkatzen zutela. SMErentzat gauza bat da medikuren bat afiliatuta edukitzea, eta oso beste bat medikuen kolektiboaren ordezkari izatea. Izan ere, gure ustez, ordezkatzen duzun kolektiboaren interesak zaintzen eta defendatzen ez badituzu burubelarri, Euskadiko Sendagileen Sindikatuan egiten dugun bezala, horri buruz esaten duzun guztiak ez du baliorik eta propaganda hutsa da.

Ondorengo taulan ikus ditzakezue Sendagileen Sindikatuak proposatutako aldarrikapen gehienak. Berdez beste sindikatuekin adostu ditugunak eta laranjaz adostu ez ditugunak.

Aldarrikapen Proposamena

  • 2020-21-22 E LEPko azterketak egin aurretik 2018-2019ko LEPa ebaztea, eta azken horretan lehiaketa fasea burutu aurretik azken ebazpena egitea.
  • Hautaketa- eta hornidura-prozesuak arintzeko giza baliabideen eta baliabide materialen zuzkidura; (kontratazio-zerrendak, eskaintza telematikoa, lekualdatze-lehiaketa)
  • Urtebetetik gorako behin-behineko izendapen guztiei kodea ematea, eta plangintza zehatza eta egutegia egitea, behin-behinekotasuna % 8tik behera jaisteko.
  • Galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea 2010etik, eta jasotzen ez duten langileei % 4ko osagarria ordaintzea.
  • Berehala negoziatzea Lan-baldintzen Akordio Arautzaile berria eta baita hauteskunde-esparruak arautuko dituena ere.
  • Berehala 2022an egiteke zegoen karrera profesionalaren deialdia egitea eta Garapen Profesionalaren azken zirriborroa kentzea, kategoria guztien berezitasunak kontuan hartuko dituen ebaluazio-eredu berri bat negoziatuz.

SMEk Prestakuntza Espezializatua kontuan hartzea proposatzen zuen.

  • Lehen mailako arretako inbertsioa handitzea, kategoria guztietarako eta kalitatezko aurrez aurreko arreta bermatzeko ratio duinekin.

SMEk 35 pazienteren kalitate-agendak proposatzen zituen gehienez, eta 10 minutu pazienteko.

  • Ordainsari-osagarriak berrikustea eta eguneratzea laguntza-eremu guztietan (sakabanatze geografikoa, produktibitate ekonomikoa, guardiak…).

SMEk autokontzertazioa berrikustea proposatzen zuen, eta guardiako orduko prezioa esparru guztietan.

  • Lanaldiari egokitutako kartelak, familia-kontziliazioa sustatuz eta bermatuz, aldebakarreko aldaketarik gabe.

Gure ustez, greba planteatzeko orduan, garrantzitsua da Administrazioari tarte bat ematea. Euskadiko Sendagileen Sindikatuaren ustez, azken helburua ez da greba egiteagatik egitea, baizik eta Osakidetza behartzea, sindikatuokin benetan negoziatzera eser dadin.

Euskadiko Sendagileen Sindikatuan badakigu gure kolektiboko partaide gehienak, orain arte bederen, ez direla inoiz greben oso lagun izan, edo, behintzat, ez dituztela griña bereziz babestu (Osakidetzaren azken datuak). Hala ere, Administrazioak gure eskaerei erantzuteko duen nagitasuna eta interesik eza ikusita, dinamika hori aldatzen ez den bitartean, eta grebaren alde egiten duten lankideei lekua egiteko, oraingoz sindikatuen arteko plataforman jarraituko dugu.

Fakultatiboen greba-deialdien jarraipena

2022ko apirilaren 8an > 12,48%

2022ko maiatzaren 16an > 1,42%