Iritziak

Ataria » Euskadiko Sendagileen Sindikatua: Lehen Mailako Arretaren alde borrokatzeko beste modu bat

Euskadiko Sendagileen Sindikatua: Lehen Mailako Arretaren alde borrokatzeko beste modu bat

Aurreko esperientziek erakutsi digutenez, mobilizazio mota horiek, hala nola urtarrilaren 23rako deitutakoak, ez dute Osakidetzan nahi den eragina izaten

Euskadiko Sendagileen Sindikatuan bat gatoz Lehen Mailako Arretaren egoera kritikoa dela dioen diagnostikoarekin. Badakigu arazo nagusia gure gremioak jasan behar duen gainkarga sistematikoa dela, eta, beraz, konponbidea, funtsean, medikuen kolektiboa indartzea da. Horrela jakinarazi diogu askotan Osakidetzari.

Sendagileok denbora daramagu kupoen estaldurarik ezari aurre egiten, eta hori gutxi ez eta orain, Covid-19ak jota gaixo dauden lankideen hutsegiteak ordezkatu behar ditugu. Profesional batzuk, PCR positiboa izanik, beren etxeetan gordeta zeudela, beren borondatez lan egin dute etxetik. Sendagile erretiratuak ere lankidetzan aritzeko eskaini dituzte euren buruak, laneko bajak kudeatzeko, eta, hala, bi kasuetan, lankideen lan gainkarga arindu ahal izan dute.

Gure gremioan, beste batzuetan ez bezala, ordezkapen-zerrendak hutsik daude, eta, hala ere, Osakidetzako makineriak funtzionatzen jarraitzen du profesionalen arteko lankidetzari eta inplikazioari esker.

2020ko abenduaren 9ra arte, SME sindikatu arteko plataformaren parte izan gara, eta mobilizazio guztietan egon gara. Hala ere, ikusi dugu gure kolektiboak ez duela masiboki parte hartu proposaturiko ekintzetan. Seguru aski akituta dagoelako, nazkatuta, gainerako osasun arloko langileak bezala.

Bi urte daramatzagu iraupen-lasterketa honetan, eta ez daukagu zalantzarik. Hori dela eta, fakultatiboei horrelako ekimenetan parte hartzeko eskatzea, jakinda Osakidetzak ekimen horiei kasurik egingo ez diela, aurreko ekitaldietan frogatu den bezala, saririk izango ez duen aparteko ahalegin berezia eskatzea dela uste dugu.

Horrek ez du esan nahi, Lehen Mailako Arretaren alde borrokatzeari utziko diogunik, ez, are gehiago haren egoera salatuko dugu, etengabe, baina beste bide batzuk erabiliz, aspalditik egin dugun bezala. Besteak beste, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, mahai sektorialetan, aldebiko bileretan eta gure erakundearekin harremanetan jarri diren komunikabide guztietan.

Euskadiko Sendagileen Sindikatua denok gara. Garrantzitsuena da Lehen Mailako Arretako zein Ospitaleko Zerbitzuetako fakultatiboen taldea elkartuta egotea orain eta etorkizunean, elkarrekin egin ditzakegun eta lan-hobekuntza nabariak dakartzaten ekintzetan.

SMEren konpromisoa zintzoa da. Ez diogu utziko Lehen Mailako Arreta berrezartzeko eta merezi duen mailara eramateko ahaleginari.