
Iritziak
SME, MC eta AMYTS Osasun ministroarekin bildu dira Estatutu Markoaren zirriborroaren arazoei heltzeko eta medikuen kolektiboarentzako erregulazio propioa eskatzeko
Euskadiko Sendagileen Sindikatuak (SME), Metges de Catalunyak (MC) eta Madrilgo Medikuen eta Goi Mailako Tituludunen Elkarteak (AMYTS) bilera egin dute asteazken honetan Osasun ministro Mónica Garcíarekin, Esparru Estatutuaren aldaketaren inguruan sortutako egoera eztabaidatzeko eta aintzat hartu beharko lituzkeen neurriak planteatzeko, medikuen kolektiboak “lekua izan dezan eta bere burua baloratua senti dezan“, eta, era berean, Osasun Sistema Nazionalak asistentzia-kalitate altuari eta herritarren gogobetetasun-mailari eusteko. Sindikatuen iritziz, proposamenaren garrantziak eta espezifikotasunak justifikatzen dute medikuen lan-, lanbide- eta ordainsari-baldintzak negoziazio-eremu propio batean erregulatzeko beharra.

SME, MC eta AMYTSen proposamena iazko ekainean helarazi zitzaien, bide telematikoz, Osasun Ministerioko ordezkariei. Ildo horretan, garrantzitsua zen hiru erakundeentzat Mónica Garcíak zuzentzen duen ministerioaren jarrera ezagutzea, uste baitute dokumentu hori, egungo testuinguruan, “gutxienekoen proposamen” bihurtu dela, eta hortik abiatuta hasi beharko liratekeela elkarrizketak.
Hiru autonomia-erkidegotan gehiengoa duten sindikatu mediko gisa, 120.000 fakultatibo inguru biltzen dituzte, Estatuko guztizkoaren % 40 baino gehiago, espero dute Ministerioak “osasun publikoa lan-mailan erakargarria izateko eta profesional mediko onenak erakartzeko eta atxikitzeko lan-baldintza onenak eskaintzeko beharra lehenestea”.
Gardentasunez jokatuz, SME, MC eta AMYTS erakundeetako ordezkariek argitaratu dute Osasun ministerioaren esku dagoen eta oinarrizko bi zutabetan oinarritzen den gutxienekoen dokumentua. Alde batetik, medikuek eta osasun-arloko goi-mailako tituludunek berdintasunezko tratua jasotzea gainerako langile publikoekiko, lanaldiari, lan-denborei eta atsedenaldiei dagokienez, bizitza pertsonala eta lan-bizitza bateratu ahal izateko. Beste aldetik, Osasun Sistema Nazionalak ongizate-estatuaren oinarrizko parametroetan funtsezko zerbitzu publiko gisa duen funtzionaltasunari eusten diola ziurtatzea: sistema unibertsala, publikoa, eskuragarria eta kalitatezkoa.
Hiru sindikatuek espero dute Osasun Ministerioa ildo horretan aurrera egiteko prest egotea eta Esparru Estatutuaren aurreproiektuan bere ekarpenak jasotzea, “Administrazioaren aldetik, historikoki jasotako tratuagatik atsekabetuta, laidotuta eta gutxietsita sentitu den ezinbesteko kolektibo baten gutxieneko eskaerak baitira”.
Gauzak horrela, SMEk. MCek eta AMYTSek aurrera jarraitu nahi dute medikuntzako lanbidean eta goi-mailako tituludunetan jarduteko baldintzak hobetzea helburu duten erakunde guztiekin.