
SME
Euskadiko Sendagileen Sindikatuak Elgoibarko 24/7 plataformak antolatutako mahai-inguruan parte hartu zuen
Ostegunean, hilak 21, Elgoibarko 24/7 plataformak antolatutako mahai-inguruan parte hartu genuen; bertan, Osakidetzaren egungo egoera aztertu genuen

Osakidetzaren egoera orokorraz, Lehen Mailako Arretaz, EAGez eta Osakidetzak etorkizunerako dituen erronkez hitz egin zen.
SMEkook beste behin azaldu genuen Osakidetzak gaur egun duen arazo nagusia medikurik eza dela, bertaratuen zati handi batekin partekatutako diagnostikoa. Era berean, Osasun Zentroetan eta EAGn medikurik ez egotea normaltzeko arriskuarekin kezkatuta geundela erakutsi genuen.
Lan-baldintzak hobetzeko beharra azpimarratu genuen, profesionalek beste herrialde batzuetara ez ezik beste esparru batzuetara ere ihes egin ez dezaten. Nabarmentzekoa da BAME askoren motibazioa galtzea. Izan ere, beren azken prestakuntza-urtearen ondoren, Osasun-Zentroetan egiten dutena, BAME azterketara berriro aurkeztea erabakitzen dute, familia-medikuntzaz bestelako espezialitate bat egiteko.
Era berean, sisteman sartzeko zailtasunari, itxaron-zerrendei eta osasun-arretaren jarraipen ezari buruz hitz egiteko astia izan genuen.
Eskerrak eman nahi dizkiegu ekitaldiaren antolatzaileei parte hartzera gonbidatzeagatik.