Lanekoa

Ataria » SMEk salatu du Basurtuko ospitaleak ez duela betetzen laneko arriskuen prebentzioaren arloko araudia

SMEk salatu du Basurtuko ospitaleak ez duela betetzen laneko arriskuen prebentzioaren arloko araudia

Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Allende pabiloiko sotoko proba ez-inbaditzaileen zerbitzura doazen profesionalek eta pazienteek ia urtebete daramate usain txarrak eta airearen kalitate eskasa jasaten

Hori dela eta, fakultatiboak Sendagileen Sindikatuarekin harremanetan jarri ziren. Sindikatuak, Lan Osasunera joan ondoren, egiaztatu zuen CO2 maila handia zela eta arazo hori konpontzen saiatzeko garbigailuak erabiltzea bezalako neurriak abian jarri zirela.

Une honetan, aplika dakizkiokeen Prebentzio Ohar Teknikoetan xedatutakoa gainditzen duten CO2 mailez gain, honako hauek ere gehitu behar zaizkio: batetik, instalatu dituzten aire garbikariek sortzen duten soinu-estresa, eta, bestetik, airea berritzeko leihoak irekita egun osoan lan egin beharrak sortzen duen estres termikoa. Beraz, gaur egungo lan-baldintzak hauek dira: tenperatura altuak udan, hotza neguan eta airea garbitzeko gailuek eragiten duten zarata etengabea eta jasanezina, hori guztia oinarrizko arazoa konpondu gabe. Horregatik, Sendagileen Sindikatuak behin baino gehiagotan eskatu du langileak beste lan-eremu batera lekualdatzea, arnasten duten aireak osasunean ondoriorik ez duela bermatzeko.

Neurri horiek ondorioak izateko zentzuzko denbora batez itxaron ondoren, eta Osakidetzak langileak beste lan-eremu batera mugitzeari uko egin zionez, Sendagileen Sindikatukook salaketa bat jartzea erabaki genuen Lan Ikuskaritzan.

Orain, Lan Ikuskaritzak arrazoia eman digu, eta abian jarritako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla erabaki du. Horrela, ERREKERIMENDU-PROPOSAMEN bat egin du, ospitaleak araudiak jasotzen dituen prebentzio-betebeharrak bete ditzan.

Txostenak ez du adierazten neurriak aplikatzeko epe zehatzik. Hori dela eta, SMEkok Segurtasun eta Osasun Batzorde Korporatiboko buruzagitzarekin harremanetan jarri gara, horri buruzko informazioa eman diezaguten eta, berriro ere, profesionalak lantoki seguru batera eramateko eskatzeko, arazoa konpontzen ez den bitartean.

Informatzen jarraituko dugu.