Iritziak

Ataria » SMEk sindikatuen arteko plataforma utzi du

SMEk sindikatuen arteko plataforma utzi du

Joan den asteazkenean, hilak 9, sindikatuen arteko plataformaren bilera batean izan ginen. Hurrengo hilabeteetan egin beharreko mobilizazioak adostu nahi genituen. Sindikatu guztiok dugu helburu komun bat

(*Esteka. Helburu amankomuna)

Tamalez, SMEez dator bat beste sindikatu batzuekin, funtsean bi ikuspuntutan:

  • Profesionalek egindako mobilizazioen jarraipenaren irakurketan.
  • 2021eko urtarrilaren amaierarako greba orokorrerako deialdia egitearen egokitasunean.

1) Profesionalek egindako mobilizazioen jarraipenaren gaineko gure irakurketa.

Sindikatuen arteko beste kide batzuen ustez, langileek protestak masiboki egin dituzte, eta, hori dela eta, “erabateko arrakastatzat” hartzen dute. ESS-ren aburuz, protestak ez dira hainbesterainokoak izan, batez ere, sendagileei dagokienez.

Ez diogu tranparik egin nahi geure buruari. Alde batetik, fakultatiboek herritarrekiko duten erantzukizun-sentimenduaren ondorioz, eta, bestetik, ospitalean gutxieneko zerbitzu “basatiak” direla eta, “bata zuriek” ez dute behar adinako presentziarik izan profesionalen haserrea eta nazka Administrazioari erakusteko.

Egia da Lehen Mailako Arretan, batez ere osasun zentro batzuetan (gutxi batzuetan), azken greben deialdiek jarraipen nabarmena ezagutu dutela. Eta hori hala da, ezen berez dakarren ekonomiaren murrizketaz gain familia-mediku askok “erruz ordaintzen” baitute lanera ez agertzea. Izan ere, hurrengo egunean, kontsultara iristen direnean, ohi baino agenda “beteago” bati aurre egin behar izaten baitiote, greba-egunean artatu ez dituzten pazienteak konpentsatzeko.

Gainera, ez genion zentzurik ikusten “bigarren txanda” honetarako planteatzen dituzten mobilizazio moduei. Ez dugu ikusten auto ilara batek edo zirkulazioaren puntako orduan hiri handietako sarrera bideak ixteak zer-nolako kaltea egin diezaiokeen Osakidetzari eta zer-nolako onura ekar diezaiokeen osasun langileriari. Aldiz, jakin badakigu krisi honen ondorioak jasaten ari den biztanleriari bai egiten diotela kalte.

2) 2021eko urtarrilaren amaierarako greba orokorrerako deialdiaren egokitasunaz gure irakurketa.

ESSkoak, mediku garenez eta gutako batzuk lehen lerroko langileak garenez, Gabonetarako gizarte harremanak malgutze aldera hartutako neurriek pandemiaren bilakaera epidemiologikoan izan ditzaketen ondorioen beldur gara. Horregatik, egokiago iruditu zitzaigun greba baten erabakia atzeratzea eta beste mota bateko mugimendu eta jarduerekin jarraitzea.

Puntu horretan ere ez ginen ados jarri. “Dena edo ezer ez” esan zigutenez, azkenean, sindikatuen arteko plataforman partaide ziren gainerako kideekin zintzo eta leial jokatu nahi genuelako, baina, batez ere, geure buruarekin zorretan ez izateko, plataforma hori uztea erabaki genuen. Ondoren, SAE eta UTESE sindikatuek (biak sindikatu profesionalak) ere gauza bera egin zuten.

Sindikatuen arteko plataforma horretan gehiago ez parte hartzeak ez du esan nahi, ez gure eskubideak defendatzeari, ez eta beste foro eta bide batzuetatik bidezkoa dena aldarrikatzeari uko egiten diogunik, inolaz ere ez. Sendagileok nekatuta gaude, eta zalantza gehien sortzen diguna da ez jakitea noiz amaituko den hau guztia. Langileok atsedenaldia behar dugu.

Epe ertain-luzerako estrategia bat planifikatu behar dugu. Ekimen hori ez dute oztopatuko koronabirusek, ez profesionalen energia-faltak, ez eta enpresak ezartzen dizkigun “zerbitzu maximoek” ere. Sendagile guztiok onartuko duguna eta egin ahal izango duguna, gure esparrua edozein dela ere.

Borroka honetan guztion beharra dago.