Iritziak
SMEren agerraldia Eusko Legebiltzarrean Osakidetzaren egungo egoera balioztatzeko
Euskadiko Sendagileen Sindikatukook Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean agerraldia egin dugu Osakidetzaren egungo egoerari buruzko gure iritzia emateko
Egoera hori kezkagarritzat jo dugu, Euskal Osasun Publikoak aspaldidanik berarekin dakartzan arazo kroniko ugari dituela adierazi dugu eta arazo horiek konpontzeko Administrazioaren jokabidea aldatu behar dela azpimarratu.
SMEkook argi eta garbi esan diegu Osakidetzak aurre egin behar dion arazo larrietako bat profesional medikoen falta dela, eta horrek okerrera baino ez duela egingo datozen urteetan; izan ere, hurrengo zortzi urtetan, 2030a bitartean, 6758 mediku inguru erretiratzea aurreikusten da, eta horietatik 2369 Lehen Mailako Arretakoak izango dira.
Bestalde, profesionalen baldintzak hobetzearen garrantzia azaldu diegu talde parlamentarioei (Lehen Mailako Arretako profesionalak erakartzeko zailtasunak), bai eta Administrazioak abian dauzkan prozesuak “fronte irekiak” arinago burutu beharra dagoela ere (Lekualdaketen Lehiaketa, 16-17 LEP, 18-19 LEP, Egonkortasun Tasa, Kontratazio-zerrendak…) esan diegu, izan ere ezinbestekoak dira profesionalak fidelizatzeko eta erakartzeko Euskal Osasun Serbitzura. Era berean, azpimarratu dugu beharrezkoa dela ohiko LEPak deitzea, eskariaren arabera (beharren arabera), kategorien arabera, eta azkar ebaztea, gehienez urtebeteko epean.
Era berean, azpimarratu dugu gure kolektiboaren barruan behin-behinekotasuna handia dela oso, eta garrantzitsua dela Egonkortze Tasa martxan jartzeari lehentasuna ematea, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak errespetatuz, lanean denbora gehien daramaten pertsonek lanpostua egonkortu eta lanpostu finkoa lortu ahal izatea bermatuko duen sistema baten bidez. Horretarako, Sendagileen Sindikatuak, Eusko Jaurlaritzan egingo den bezala, IVAPek jarritako galdera-sorta itxiko sistema bat proposatu du. Azpimarratu dugu, halaber, fakultatiboentzat 751 plaza gutxi iruditzen zaizkigula kolektiboan dauden bitarteko eta behin-behineko egoeran dauden langile kopuru handiarentzako.
Gainera, Osakidetzak bere kabuz eta hartutako erabakiak justifikatzen dituzten datu objektiborik gabe abian jarri dituen hainbat prozesu aipatu ditugu. Horrela, EAGen itxierari buruz hitz egin dugu, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko bihotzeko kirurgia kanpoko auditoretzarik gabe lekuz aldatzeari buruz eta Arabako ESI-Debagoieneko ESI Anestesiologia Kudeaketa Klinikoko Unitateaz ere bai. Horrekin guztiarekin batera, adierazi diegu, Administrazioaren jarrera horrek Euskadiko Sendagileen Sindikatuak Osakidetzari egindako eskari judizialak areagotzea ekarri duela.
Azkenik, Plangintza eza, Kudeaketa ezegokia eta Akordioak ez betetzea Administrazio honen ezaugarriak direla esanda, nabarmendu nahi izan dugu SMEk nahi duena negoziatzea dela, alegia, definizioak berak adierazten duen bezala, pertsona edo erakunde bi edo gehiagok elkarren artean hitz egin, arazo bat konpondu edo bideratzeko, eta hori, aspalditik, ez dela egiten ari Osakidetzan. Horregatik, Sendagileen Sindikatukook eskatu dugu Mahai Sektoriala negoziazio garden eta erreala egiteko bilgune bihurtzeko, eta ez Administrazioak aldez aurretik eta bere kabuz hartu dituen erabakien berri emateko aretoa.
Egilea: Eusko Legebiltzarra / Parlamento Vasco