Iritziak

Ataria » Uda latza Emergentzietan: ezin izan dugu asistentzia medikoa bermatu, pertsonal fakultatibo aski ez dugulako izan

Uda latza Emergentzietan: ezin izan dugu asistentzia medikoa bermatu, pertsonal fakultatibo aski ez dugulako izan

Aurtengo udan Osakidetzako Emergentzietako zerbitzuan bizi izan dugun egoera dela eta (gerentearen dimisioa barne), Euskadiko Sendagileen Sindikatukook honako hau adierazi nahi dugu:

Uda hau, alde handiz, azken urteotan Emergentzietan bizi izan dugun udarik txarrena izan da. Langile fakultatiborik eza etengabea izan da, bai zentro koordinatzaileetan, bai anbulantzia-taldeetan. Are gehiago, 12 orduko txandak dituen zerbitzu batean, zenbait profesionalek 24 orduz jarraian lan egin dute, “zerbitzuaren beharrengatik”, orain arte Administrazioak salbuespenez baino aintzat hartzen ez zuen zerbait zenean.

Langraitzen kokatzekoa den Gasteizko bigarren ZIU mugikorrak sortu zuen ikusmina, lausotzen ari da, lan- eta kontziliazio-baldintza okerragoetan ezartzeko asmoa baitaukate (karteldegi defizitarioa, lankideen arteko opor-estaldura…). Badirudi Osakidetzak gainerako unitateetara zabaldu nahi duen proiektu pilotu bat dela, eta hori ez da onargarria, are gehiago kontuan hartuta zerbitzuaren zati bat (Tolosa, Elgoibar…) publiko bihurtzeke dagoela oraindik.

Argudiatutako arrazoia, “betikoa” izan da, pertsonal fakultatiborik eza, alegia. Baina ez dugu ahaztu behar Emergentzietako medikuek beste zerbitzu batzuetara egiten duten etengabeko ihesa Osakidetzan aspaldidanik aplikatzen ari den kontratazio-politika negargarriaren ondorio dela, batez ere, ordezko langileei dagokienez.

EAGetan ere (batez ere Gipuzkoan) langile fakultatiborik ez egoteak eta Giza Baliabideen Zuzendaritzaren flujograma ospetsuak egoera larriagotu baino ez dute egin. EAGetan erizainek arreta eman dutenean agindua argia izan da: zalantzarik izanez gero, emergentziak koordinatzeko zentroetara deitu. Dagoeneko murriztuta eta gainkargatuta zeudenetara.

Jasotako salaketen aurrean, Osakidetzak dio Emergentziak sarean lan egiten duela, herritar guztiei arreta medikoa bermatuz. Jakina, sarean egiten du lan, beti egin du horrela, baina sare hori zenbat eta trinkoagoa izan, pazienteen arreta hobea izango da. Ez da gauza bera langile fakultatibo guztiekin lan egitea edo behar den gutxieneko kopurua baino gutxiagorekin. Emergentziak zerbitzuan, zerbitzua birdimentsionatzeko zain egonik, sareak zulo handiak baditu, %100ean dagoenean, bete gabeko postuak daudenean, ezinezkoa da mediku-laguntza egokia bermatzea.

Osakidetzak iradoki eta justifikatu nahi du, ustezko “datu objektiboekin”, badaudela jarduera baxuko baliabide batzuk pertsonal medikorik gabe funtziona dezaketenak, antzeko beste baliabide bat dagoelako handik 20 minutura, baina errealitateak kontrakoa frogatzen du. “Denboraren mendeko” patologiak (lehen mailako abisuak edo ospitaleen arteko lekualdaketak) baliabide egokia behar du denbora egokian; ez dago besterik.

SMEk adierazi nahi du tratatu behar dugun pazientea dela gure lanaren erdigunea, bai eta haren ingurunea ere. Emergentziak programan ez dira patologiak hertsiki tratatzen, egoerak baizik; askotan konplexuak izaten dira, eta beste agente batzuekin, hala nola suhiltzaileekin, Ertzaintzarekin, Babes Zibilarekin eta abarrekin, elkarlanean aritzen gara.

Ez da soldata igotzearekin edo lanorduak murriztearekin konpontzen den arazo soila. Frustrazioa da, profesionala hunkitzen duena paziente bat artatzera berandu iristean, berea ez den beste eremu batera joan behar izan duenean. Ez dago soldatarik, ez atsedenik hura konpentsatzeko. Badakigu hori dela Emergentzietan lan egiten duten mediku eta gainerako profesional gehienen iritzia.

Azpimarratu behar da, ildo horretan, oraindik ez dauzkagula 2022an egin zen Arrisku Psikosozialen Ebaluazioaren emaitzak. Ebaluazio haietan jasotzen da profesionalek jasaten duten inpaktu fisikoa eta psikikoa, 2016ko aurreko ebaluazioak agerian utzi zuenez.

Bestalde, Emergentzietako gerenteak Legebiltzarrean egindako agerraldiek hainbesteko ezinegona sortu dute zerbitzuan, non protestak eragin dituzten eta zuzendaritza-talde osoaren dimisioa eskatu duten langileen kolektiboek eta Langileen Batzordeek (SMEk, besteak beste).

Espero dugu Emergentzietako zerbitzuko gerentzia berria gai izatea egoerari behar den bira emateko, zerbitzuaren estaldura egokia eta langileen lan-baldintza onak bermatzeko, herritarrei behar eta merezi duten osasun-arreta eman ahal izateko.