Iritziak
Urte Berriko asmoa: sendagileen batasuna eta Sendagileen Sindikatuan afiliatzea
Oro har, urte berriaren hasierarekin batera, bukatu berri den urtean gertatutakoaren errepasoa egiteko joera dago, bai eta hasten den urteari begira zenbait asmo finkatzeko ere, aurrekoa zertxobait hobetzeko, ahal bada
Ordezkatzen dugun kolektiboaren 2023rako helburu on bat izango litzateke, pitzadurarik gabe funtzionatzeko gai izatea, hau da, batzen gaituzten helburuak erdigunean jarriz eta bereizten gaituzten ika-mikei garrantzia kenduz, bereziki asistentzia-eremu desberdinei dagokienez. Ez dago lehen eta bigarren mailako fakultatiborik. Gutako inori ez digute titulua oparitu.
Sendagileen kolektiboa ez da nabarmentzen, hain zuzen ere, kide gehien dituena delako beste kategoria batzuekin alderatuz gero (ia 7.000 fakultatibo gara erizaintzako 9.000 baino gehiagoren ondoan), baina, zalantzarik gabe, pisu espezifiko handiena duen kolektiboa gara. Gu gabe ezinezkoa izango litzateke herritarrentzako arretari eta osasun-sistemari eustea.
Lehen Mailako Arretari erreparatu besterik ez da egin behar. Egoera larrian dago, asistentzia-maila horretan sendagile asko falta delako. Ez dugu ukatuko horrek beste estamentu batzuei eragin diezaiekeenik, baina arazoa zein den argi dago, ez diezagutela ipuinik kontatu. Eta Lehen Mailako Arreta asistentzia-piramidearen oinarria denez, piramidea ahuldu eta ezegonkortu egiten bada, maila guztietan izango du eragina, EAGetan eta Ospitaleko Larrialdietan gertatzen ari den bezala.
Sendagile eta fakultatibook korporatibista izatearen ospea dugu, eta baliteke praxi medikoari eta pazienteei begira hala izatea, baina ez gaitezen engaina, gure lan-baldintzen alde borroka egin behar dugunean, etengabe entzuten dugun leloa da: “Nirea zertan da?”. Alde horretatik, Sendagileon Sindikatua da fakultatibo guztien lan-interesak, salbuespenik gabe, bateratu eta zaintzeko gai den erakunde bakarra.
Horregatik, urte berrian “batasuna” lortzeko asmo horren abiapuntu on bat izango litzateke eremu desberdinetako sendagileek aurrerapausoa egitea, afiliatzea (Zergatik Afiliatu) eta, hauteskunde sindikalak iristen direnean, SMEri botoa ematea, gure kolektiboa benetan defendatzen duen Osakidetzako sindikatu bakarra delako (Ezagut Gaitzazu).