Prentsa-oharrak
2023ko ekainaren 28ko Mahai Sektoriala: “azkenean” emaitzaren bat
Gaur, ekainak 28, Osakidetzak deitutako Mahai Sektorialean izan gara.
Hona hemen parte hartzera eraman gaituzten arrazoiak:
- Bilera egin aurretik, Osakidetzak proposatutako autokontzertazioaren zirriborroa geneukala.
- Azkenik, 2022ko Lanbide-garapenaren deialdiaren ebazpena argitaratu dela.
- Azkenik, Osakidetzak % 4ko osagarria aplikatzeko proposamena egin duela, eta atzo helarazi zigutela, aldebiko bilera batean.
Hauek izan dira gai-zerrendako puntuak:
EAG eta Emergentzietako autokontzertazioa:
- Osakidetzaren proposamena izan da A modalitatea eguneko ordutegian ordaintzea 20: 00ak arte, eguneko ordutegi horretan osagarririk ordaindu gabe eta jarraibidearen amaiera-data 2023ko irailaren 30a izanik. Gaueko ordutegian 400 eta 450 €-ko moduluak eta osagarriak ordaintzea proposatu dute, 5/2018 jarraibidean egiten zen bezala.
- Zuzendaritzak argudiatu du EAGetan fakultatiborik ez dagoela kontingentzia-plan bat abian jartzeko, baina ez digute plan horren berri eman, baina badakigu helburua dela arreta medikoa behar luketen puntuak erizainek hartzea.
- Euskadiko Sendagileen Sindikatukook gure erabateko desadostasuna adierazi dugu, batez ere fakultatiboei dagokienez , izan ere “egon badaude”, baina emango zaien ordainsaria egokia izan behar du. Ildo horretan, Osakidetzari helarazi dizkiogu, beste behin ere eta aktan jasota gera dadin, EAGetako profesionalen aldarrikapenak eta marra gorriak. Era berean, gogorarazi nahi dizuegu SMEk hala eskatuta egin zen sinadura-bilketa.
- Azkenik, lortu dugu ekarri diguten proposamenean eguneko ordutegia aldatzea 22: 00ak arte, eta autokontzertaziorako jarraibideak amaiera-datarik ez izatea, harik eta kontratazio-zerrendetan profesionalik ez dagoen bitartean. Hala ere, Osakidetzak oraindik ez du onartzen eguneko ordutegian osagarriak ordaintzea. Hirutik bi lortu dugu, baina uste dugu oraindik ere ez dela nahikoa, ez baitator bat profesionalek eskatu zigutenarekin. Osakidetzako Zuzendari Nagusiak hitz eman du ebazpen bat argitaratuko duela edukiarekin.
% 4ko osagarria:
- Azkenik, Osakidetzak % 4ko osagarriaren ordainketa mahai gainean jarri du berriro Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrorako (TGEEZ), Bizkaiko eta Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarerako eta Tolosaldeko Administrazio Kudeaketako Arlorako. Aplikazio-datei buruzko eztabaida sendo baten ondoren, SMEkook proposamena sinatu dugu; izan ere, uste dugu funtsezkoa dela langile horiek dagokiena eta beraiena dena kobratzen hastea, are gehiago kontuan hartuta, adibidez, TGEEZk bere helburua lortzeko mobilizatu dela.
Lanbide-garapenerako eredu berria:
- Osakidetzak proposatu du lantalde bat sortzea Administrazioaren sei kiderekin eta Mahaian ordezkaritza duten sindikatuen beste seirekin (erakunde bakoitzeko bana). SME izan da bere ezadostasuna agerian ipini duen bakarra. Euskadiko Sendagileen Sindikatukok bakarrik baloratu ditzakegu, profesional fakultatiboak garen aldetik, gure kolektiboaren berezitasunak eta profesionalen beharrezko prestakuntza (espezializatua, besteak beste). Gainera, gure ustez, lantalde horrek Sindikatuen arteko Plataforma instituzionalizatzea bilatzen du, eta Administrazioaren atzerapen-maniobra baten ondorio dela argi ikusten dugu. Esan ohi den bezala, “zerbaitek ez funtzionatzea nahi baduzu, sortu batzordeak”. Baina, Osakidetzak beste aukerarik uzten ez badigu, beste erremediorik gabe, parte hartu beharko dugu, beste kategoria batzuek gure lekua bete ez dezaten.
Lehen Mailako Arreta Zentroen eta EAGen ordutegiak planifikatzea udan:
- Osakidetzak, bere ohiko joerari jarraituz, bere kabuz egindako plangintza eman digu. Euskadiko Sendagileen Sindikatuak bi puntu azpimarratu ditu:
- Ahal den bitarteko guztien bidez, arreta medikoa eskaintzen den tokietan medikuak jartzen saiatzea.
- Berrantolaketa horrek osasun-zentroetan gainkargatuko dituen zerbitzuak (EAG, larrialdiak…) behar bezala indartzea.
Galde-eskeak:
18-19 EPEko Lehen Mailako Arretako plazak argitaratu ondoren, pertsona asko jarri da harremanetan SMErekin, eskainitako 321 plazetatik 47k bakarrik ez dutelako euskara eskakizunik. Horren ondorioz, baldintza hori betetzen ez duten fakultatibo askok ezin izango dute plaza lortu.
Euskararen garrantzia eta biztanleek hizkuntza ofizialean arreta jasotzeko eskubidea dutela ulertzen dugu, baina sendagile gabezia hain handia jazotzen ari garen garai larri hauetan, batik bat Lehen Mailako Arretan, Osakidetzari eskatu diogu eskura dituen aukerak balia ditzala (epeak, formakuntza…) sendagileak erakartzeko eta finkatzeko. Zuzendaritzak esan digu indarrean dagoen Euskara Planari lotu zaiola, eta oraingoz ez duela aldaketarik aurreikusten arlo horretan.