
Prentsa-oharrak
Bidasoko Ospitaleko Pediatriako Larrialdiak ixtea: berriz ere kontu bera
Osakidetzak Bidasoko Ospitaleko Larrialdi Pediatrikoak itxiko ditu maiatzaren 1etik aurrera
Prentsa-ohar baten bidez Osakidetzak jakinarazi du egun horretatik aurrera ez dela pediatrarik egongo larrialdietan, egongo direla EAGn, eta egunean bi orduz luzatuko dela pediatriako kontsulten ordutegia ESIko hiru osasun-zentroetan. Osakidetzaren esanetan, “aldaketak profesionalekin adostu dira, datuetan oinarrituta daude eta zerbitzu hobea ematea dute helburu”.
Osakidetzak bidalitako prentsa-oharrak ez du egoeraren errealitatea islatzen.
Lehenik eta behin, aditzera ematen da osasun zentroetan eta EAGn pediatriako larrialdiak artatzeko ordutegia zabaldu egiten dela, baina errealitatea da Bidasoko Ospitaleko Pediatriako Larrialdi Zerbitzua itxi egiten dela. Urgentziazko pediatriako arreta Donostia Ospitalera bidaliko da.Baina Donostia Ospitaleak jada jasotzen ditu Irungo paziente pediatrikoak zenbait osasun-zentrotan estaldurarik ez dagoelako; esate baterako, Irungo erdialdean, egun batzuetan ez baitago pediatrarik. Horren guztiaren aurrean, honako hau galdetzen diogu geure buruari: zein da ESI honetako pediatriako premiazko arretaren hobekuntza?
Bigarrenik, prentsa-oharraren arabera, “aldaketak profesionalekin adostu dira”, baina hori ez da egia. Larrialdi Orokorretako osasun-profesionalek prentsa ohar honen bidez jakin dute ospitaleko Pediatriako Larrialdi Zerbitzua itxi egingo dela, eta, orain arte, Zuzendaritzak ez du inolako jakinarazpen ofizialik eman, ez protokolorik, ez eta “Haur Larriaren” Larrialdiko Laguntzan jarduteko gidarik ere.
COVID pandemian antzeko egoera bizi izan zen pediatriako larrialdiak inolako irizpide teknikorik gabe ixtea erabaki zenean. Orduan ere, pediatriako arreta hobetuko zuenaren ideia saldu zen, eta gatazka sortu zen Larrialdietako langileen eta zentroko zuzendaritzaren artean. Horren ondoren, Bidasoko Ospitaleko pediatriako larrialdi zerbitzua 2020ko apirilaren 26an ireki zen berriro.
Bidasoko ESIko Zuzendaritzak erakutsi du ez dela gai esku artean duena kudeatzeko. Jakina, asko hobetu zitekeen, eta egoera hori aurreikus zitekeen, etengabe inprobisatzen aritzeak eragindako kaosa sumatzen baitzen.
Hori guztia dela eta, larrialdi-zerbitzuak dokumentu idatzi bat eskatu du, ESIan paziente pediatrikoaren arreta ordutegi eta inguruabar guztiak nolakoak izango diren zehazteko, bai eta horren guztiaren ondoriozko lege-estaldura eta erantzukizunak zehazteko ere.
Atsekabe-egoera honetan, profesionalen gabezia nabaria denean eta osasun publikoaren funtzionamendua larriki hondatzen ari den asistentzia-gainkargarekin, sistemak pairatzen dituen arazoak konpondu beharrean eta talentu medikoa atxiki eta erakarri beharrean, Administrazioak epe laburreko konponbideak proposatzen ditu.