Prentsa-oharrak

Ataria » Euskadiko Sendagileen Sindikatua ez da Mahai Sektorialera joango

Euskadiko Sendagileen Sindikatua ez da Mahai Sektorialera joango

SMEk Mahai Sektorialaren deialdi berrira ez joateko erabakia hartzeko arrazoia oso sinplea da

Ekainaren 1ean, Osakidetzak deitutako aldebiko bilera batera joan ginen, Etengabeko Arretako Guneetan (EAG) autokontzertazioaren gaia (aparteko ordu fisikoen ordainketa) aztertzeko.

Giza Baliabideen Zuzendaritzak proposamen bat egin zigun, eta Sendagileen Sindikatutik, bilera telematiko bidez, EAGetako profesionalekin partekatu genuen. Osakidetzako EAGen erdien baino gehiagoren ordezkariak konektatu ziren.

Ekainaren 5ean egin zen bilera horretan, marra gorri batzuk adostu ziren sendagileekin, hau da, asteburuko eta jaieguneko osagarrien ordainsaria ez baliogabetzea, eta eguneko ordutegia gutxienez 22 ordura arte luzatzea, Osakidetzak proposatzen zituen 20 ordura arteko luzapenaren aldean, horrela ordainsariak lan-karga handieneko ordu-tarteetara egokitu ahal izateko.

Bilera amaitutakoan, berehala jakinarazi genion Osakidetzari EAGetako sendagileen eskaria. Joan den astean, SMEk GGBBko Zuzendaritzarekin aztertu dugu gai hori, EAGetako sendagile profesionalen lana eta herritarrek merezi duten kalitatezko arreta aintzat hartzea bermatuko duen akordio batera iritsi ahal izateko.

Tamalez, Euskadiko Sendagileen Sindikatuak akordio batera iristeko ahalegina egin duen arren, Giza Baliabideen Zuzendaritzak bereari eusten dio, egoskor, eta nahiago du erizaintzako bi profesional jarri EAGetan, sendagileen ahalegina eta borondatezkotasuna baloratu baino, talde hori ezinbestekoa izanik Etengabeko Arretako Guneei funtzionaltasuna eta zentzua emateko.

Testuinguru horretan, Osakidetzak Mahai Sektorial berri bat deitu du, eta, joan den astean jakinarazi zigunez, gai horri buruzko proposamen bakarra berea izango da.

Gainera, Administrazioaren barruan ohitura bihurtu denez, azken orduan gai-zerrendan puntu gehiago sartu ditu. Puntu horietan ez dira jaso 2018-2019ko LEParen ebazpen-datak, eta horiei buruz ez zaigu informaziorik edo zirriborrorik helarazi, dagokion azterketa egiteko.

Zuzendaritzak informazioa “bat batean eta aldez aurretik jakinarazi gabe” ematen jarraitzen du, eta “harrapatzen bazaitut, jo eta bertan akabatuko zaitut”. Osakidetzak SMEren (eta gainerako sindikatuen) parte hartzea nahi du, hedabideetan eta iritzi publikoarekin domina bere buruari jartzeko, negoziatzen ari dela adierazi nahiz, bere jarrera benetan inposaketa hutsa denean.

Euskadiko Sendagileen Sindikatukook uste dugu jokatzeko modu hori ez dela serioa eta profesionala izatetik oso urrun dagoela. Horregatik erabaki dugu zirku mediatiko honetan ez parte hartzea, eta administrazio publiko batek izan beharko lukeen gutxieneko formaltasuna ez duen Mahai Sektorial batera ez joatea ere formaltasunik.