
Prentsa-oharrak
Langileei eta herritarrei irailaren 25ean, ostirala, ospitaleetako kontzentrazioetan parte hartzeko deia
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuak aspertuta gaude ezer konpontzen ez duten asmo onen adierazpenak entzuteaz, eta langileei eta herritarrei dei egiten diegu datorren ostiralean, hilak 25, Osakidetzako ospitaleetan egingo diren kontzentrazioetan parte har dezaten
Zalantzarik gabe, joan den ostiralean Lehen Mailako Arretako zentroetan izandako kontzentrazioek agerian utzi dituzte plantilla lanez gainezka diharduela, ezin iritsiz; egoera horrengatik haserre eta nazkatuta gaude eta berehalako eta sakoneko konponbideak behar ditugula aldarrikatu nahi dugu. Datorren ostiral honetan, ospitaleen txanda izango da. Lehen Mailako Arretako lankideek bezala, haiek ere eguneroko lanean giza baliabideen eta baliabide materialen urritasunari aurre egin behar izaten diote.
Berriro ere adierazi nahi dugu egoera ez dela berria eta azken urteotan abian jarri diren murrizketa-politiketatik zuzenean datorrela. Osasun sistema publikoak dituen arazo larriak larriagotu egin ditu COVIDek, baina ez dira birusarekin jaio eta ez dira desagertuko edo kontrolatuko. Arazo estruktural eta sakonak dira, eta izaera bereko konponbideak behar dituzte.
Joan den ostiralean, hilaren 18an, izandako kontzentrazioen harira, Osasun Sailak ohar bat argitaratu zuen, non, besteak beste, adierazi baitzuen beti egon dela eskuak zabalik elkarrizketetan, eta sindikatu guztiekin lehenbailehen biltzeko asmoa duela. Adierazpen horiek elkarrizketa nagusi den aro berri baten hasieraren iragarpena badira, ongietorriak izango dira, baina gogoratu behar dugu, hain zuzen ere, deialdia egin duten sindikatuen salaketa sistematikoetako bat elkarrizketarik eza izan dela, eta hori dela, Osakidetzak hartu duen eta bidezkoa ez den aldebakartasuna. Martxoaren erdialdean pandemiaren unerik okerrenak bizitzen hasi zirenetik, ia ez da komunikaziorik izan. Mahai Sektorialaren azken bilera ekainaren 18an egin zen, eta ordutik ez da harremanik izan, ez formala ez informala. Eta hori izan da azken urteotako politika.
Osasun sailburu berriak prentsaurrekoan adierazi du sindikatuetako ordezkariekin aste honetan bertan biltzeko asmoa duela. Gaur egun ez dugu datarik. Nolanahi ere, sailburuari eskatzen diogu bilera deitzen badu sindikatu guztiekin batera egiteko.
Ostiralean argitaratu zen oharrean, Osasun Sailak adierazi du Gobernu Programan hartutako konpromisoetako bat hurrengo 4 urteetan 4.000 plaza sortzea dela. Gobernu Akordioaren testuak, ordea, ez du lanpostuak sortzeaz hitz egiten, 2020-2024 aldian Lan Eskaintza Publikoetan 4.000 lanpostu betetzeko deialdia jasotzen du. Kontuan hartuta Osakidetzan urteko 1.000 lanpostu huts inguru betetzen direla erretiroagatik, eta gaur egun 15.000 langile baino gehiago daudela aldi baterako, 4.000 plaza horien deialdiak ia ez ditu betetzen 4 urteko aldi horretan erretiroagatik sortuko diren lanpostu hutsak, eta ez du ekarriko aldi baterako tasa oso handiak dituen plantilla egonkortzea, ez eta zerbitzu publikoa ematen duten profesional gehiago egotea ere. Gainera, Osakidetzak premiazko konponbideak behar ditu, legegintzaldi oso bat atzeratu ezin direnak.
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Osakidetzari eskatzen diogu, lehenbailehen, hitzetatik ekintzetara pasatzeko, promesetatik neurri zehatzetara. Benetan osasun publikoa indartzeko eta konponbideak abian jartzeko borondatea badu, propaganda-adierazpenak egiteari utzi eta urrats sendoak ematen hasteko, langileek bizi duten muturreko errealitatea eta horrek herritarrengan duen eragina aldatzeko. Bestela, mobilizazioak areagotu egingo ditugu.
Era berean, dei egiten diegu Osakidetzako langileei eta herritarrei irailaren 25eko goizeko 11:00etan Osakidetzako ospitale guztietan egingo diren kontzentrazioetan parte hartzeko. Guztion osasuna dago jokoan.
Euskal Herrian, 2020ko irailaren 23an.