Prentsa-oharrak
Ordutegi-doikuntzak lehen mailako arretako osasun-zentroetan, 2024ko uda: Osakidetzaren itxuragabekeriak ez du mugarik
www.irekia.euskadi.eus/ webgunean argitaratutakoa irakurri ondoren, gaur aurkeztutako dokumentazioa eta Mahai Sektorialean gertatutakoa kontuan hartuta, Euskadiko Sendagileen Sindikatuak honako hau adierazi nahi du:
- Giza Baliabideen Zuzendaritzak osasun-zentroen ordutegiei eta irekiera- eta itxiera-datei buruzko txosten xehatua aurkeztu du. Gure ustez, zerbitzu-eskaera txikiagotu baino gehiago beste leku batzuetara (kostaldera, adibidez) eta profesional gutxiago batzuen artean (oporretan daudelako) birbanatzen da, mediku askoren asistentzia-karga ere handituz.
- Logikoa da pentsatzea kontsultetako arreta medikoaren ordutegia murrizten bada, pazienteak Etengabeko Arretako Gunetara (EAG) eta/edo ospitaleko larrialdietara joatea. Hori dela eta, informazioa eskatu dugu EAGtan bete gabe geratuko diren txandei buruz eta horiek nola indartzeko asmoa dagoen jakiteko.
- Gure kalkuluen arabera, bete gabeko mila txanda mediko inguru izan daitezke. Giza Baliabideen Zuzendaritzak ez du ukatu hori horrela denik.
- Herritarrek zerbitzua eskatzen dutenean, hain zuzen ere, arreta medikoa bilatzen dute, eta hori ezin dute beste edozein kategoriako profesionalek bete. Beraz, ezin da erizainik jarri mediku baten ordez, ez EAGn, ez anbulantzia medikalizatuetan, ez larrialdien koordinazioan.
- Giza Baliabideen Zuzendaritzak, udan etor daitekeen arazo larria onartu beharrean, erabaki du (dirudienez, epai judizial bat betez) EAGko eta Larrialdietako fakultatiboei, beren borondatez aparteko txandak egiteko prest daudenei, 33 euro gordin ordaintzea ordua, orain arte egunez kobratzen zenaren erdia.
- Hasiera batean, duela 6 urte, aparteko orduen ordainketa “egoeraren araberako” beharrei aurre egiteko diseinatu bazen ere, “egiturazko” zerbait bihurtu da. Hau da, Osakidetzako zerbitzua ezin da bermatu medikuek aparteko txanda horiek egingo ez balituzte.
- Sendagileen Sindikatukook azpimarratu nahi dugu egokiena eta lehentasunezkoena lan-baldintzak hobetzea dela, kontratazio-zerrendetan behar adina mediku izateko. Baina kontratatzeko medikuen poltsa hori ez badago, Osakidetzak kalitatezko arreta bermatzeko beharrezko neurriak martxan jarri beharko ditu.
- Ez dakigu figura medikoa baztergarri egiteko ahaleginean, Osasun Sailak eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak uko egiten dioten baldintza berriak negoziatzeari, beren lan-ordutegitik kanpo eta borondatez lan egiteko prest dauden medikuek behar bezala aitortuta senti daitezen. Begirunerik eta errespeturik eza da, bai profesionalentzat, bai pazienteentzat. Eta, jakina, kudeaketa txar hori eta jarduteko modu hori ez dira bateragarriak “kalitatezko osasun-asistentziarekin”, eta ez du bermatzen “udako hilabeteetan Osakidetzako euskal herritarrei osasun-arreta ematea“.