Prentsa-oharrak

Ataria » Osakidetzako sindikatu guztiek kontzentrazioak deitu dituzte ospitaleetan eta osasun-zentroetan

Osakidetzako sindikatu guztiek kontzentrazioak deitu dituzte ospitaleetan eta osasun-zentroetan

Kalitatezko osasun publikoa berreskuratzeko eskatzen dute, eta mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen dute gizartea

Osakidetzako sindikatu guztiak koordinatu dira osasun-langileei eta, oro har, gizarteari dei egiteko, datorren ostiralean, ekainak 26, 11:00etan Basurtu, Txagorritxu eta Donostiako ospitaleetan eta Euskal Osasun Zerbitzuaren sareko osasun-zentro guztietan antolatu dituzten kontzentrazioetan parte hartzeko.

Osakidetzako langileen ordezkari diren sindikatuen iritziz, koronabirusaren krisiak agerian utzi du zerbitzu publikoen eta, zehazkiago, osasun publikoaren garrantzia, ongizate kolektiboko tresna gisa; bizitza kolektiboko asegurua, zeina, zalantzarik gabe, sendotu eta garatu egin behar baita guztien ongizatea bermatzeko.

Hala ere, mobilizazio horiek deitu dituzten sindikatuek salatu dute osasuna negozio-iturri bihurtu dela, eta norbaitek ikusi duela dirua bere kontura irabazteko aukera. Deialdia egin duten sindikatuek diote osasun publikoa ahuldu egin dela, eta horren ondorioak nabariak izan direla osasun-krisi honi aurre egiteko orduan.

Ildo horretatik, sindikatu horiek gogorarazi dute Osakidetzako langileen ahalegin eta inplikazioak lortu duela pandemian euskal osasun-sistemaren gabeziak arintzea, eguneroko lanean gertatzen den bezala. Era berean, langileek aparteko baldintzetan egin behar izan dute lan:

  • Lan-karga onartezinak.
  • Babes-neurrien falta kezkagarria.
  • Langile urriek osatutako taldeak dira, eta Osakidetzak ez du krisi honi aurre egiteko baliabide egokirik edo nahikorik prestatu.

Horren emaitza da —azpimarratu du— langile exhauista, fisiko eta psikologikoki, lankide bat hilda, babes-neurririk ez izateagatik kutsatutako 2.000 profesional baino gehiago, EAEko positiboen %18 izatera iritsi direnak eta ESI batzuetan plantilla osoaren %20 izatera iritsi direnak.

Murrizketa-politikek osasun publikoa ahuldu dute

Sindikatu horiek salatu dute Eusko Jaurlaritzaren azken urteotako murrizketa-politikek euskal osasun publikoaren ahultze mailakatua eta kezkagarria eragin dutela. Alde horretatik, erakunde sindikal horiek politika hauek dituzte:

  • Hazkunde-etapetan, EBko batez bestekotik oso urrun dauden aurrekontu-sail urriak esleitzea.
  • Enplegua suntsitzea, egiturazko plantilla oso eskasa eta oporrak, erretiroak eta bestelako absentziak ez ordezkatzea.
  • Kontratazioa neurriz kanpo eta iruzurrez erabiltzea: langileen %40 aldi baterako da.
  • Lan-eskubideen murrizketa: erosteko ahalmenaren galeraren % 15, Itzarri, garapen profesionala, erretiro aurreratuko primak.
  • Pribatizazioak.
  • Lan-karga onartezinak eta, ondorioz, laguntzaren kalitatea galtzea.

Osakidetza suspertzeko politikak eskatzen dituzte

Gauzak horrela, sindikatu sinatzaileek Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote osasun arloko politika publikoak errotik alda ditzala, lehenbailehen, eta neurri hauek har ditzala:

  • Osasun publikorako aurrekontu-partida, EBko batezbestekoaren parekoa.
  • Enpleguaren arloan:
  • Plantillaren osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak, bai koronabirusa berragertzean, bai eguneroko lanean: kategoria guztietarako nahikoa eta egokia den babes-materiala; laguntza-maila guztietako lan-arriskuen balorazioa eta prebentzio- eta babes-neurriak hartzea; arrisku psikosozialen ebaluazioa, lan-kargen ondoriozkoak barne, eta neurri zuzentzaileak hartzea.
  • Plantilla handitzea, iruzurretan ezkutatutako lanpostuak plantilla estrukturalean sartuta.
  • Behin-behineko langileak finkatzea, plantilla egonkortzen dutenak eta Osakidetzak diru publikoarekin prestatutako profesionalen ihesa saihesten dutenak.
  • Zerbitzu pribatizatuak itzultzea enpleguari eutsiz.
  • Murrizketa guztiak itzultzea: erosteko ahalmena berreskuratzea, Itzarri, garapen profesionala, erretiro aurreratuko primak.

Eta Eusko Jaurlaritzak egoera hori zuzentzeko neurriak har ditzan, Osakidetzako langileei eta herritarrei dei egiten die datorren ostiralean, ekainak 26, 11:00etan Basurtu, Txagorritxu eta Donostiako ospitaleetan eta Osasun Zentroetan antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzeko.

Bestela, deialdia egin duten sindikatuek ohartarazi dute protestak areagotu egingo dituztela.