Prentsa-oharrak

Ataria » Sindikatuok Mahai Sektorialaren bilera utzi genuen, Osakidetzako Zuzendaritzak ezer esan ezean

Sindikatuok Mahai Sektorialaren bilera utzi genuen, Osakidetzako Zuzendaritzak ezer esan ezean

Bileran gai-zerrendako lehen puntua aztertzen ari ginela, sindikatuen hitza entzun gabe, Osakidetzak prentsa-ohar bat bidali zien komunikabideei eta langile guztiei, une horretan egiten ari ginen bileraren balorazioa eginez eta oraindik planteatu ere egin ez zitzaizkigun edukiak ezagutaraziz

Osakidetzako Mahai Sektoriala osatzen dugun sindikatuok, hau da, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGTk, egiaztatu dugu, gaurko bileran, Osakidetzan aurpegi aldaketa erakutsi nahi duen arren, haien benetako jarrera betikoa dela: negoziaziorik eza, elkarrizketarik eza, aldebakarreko inposizioak eta sindikatuekiko erabateko desadostasuna.

Atzo, ohar bat argitaratu genuen, eta bertan salatu genuen, beste behin ere, Osakidetzak gai-zerrenda eta bileraren edukia inposatu zizkigula eta, beste behin ere, mahai huts baten aurrean geundela. Mahai horrek ez zuen ikusi nahi sindikatuen arteko aldarrikapen bakar bat ere, mobilizatzera eraman gaituzten aldarrikapen bakar bat ere ez. Eta hori, sar zitzala apropos eskatu genion arren. Azken finean, bileran ez zen proposamen edo neurri bakar bat ere jaso, azken urteotako murrizketa-politiken ondorioz osasun-sistema publikoak dituen egiturazko eta sakoneko arazoak jorratzeko.

Bada, gaurko bileran hori guztia egiaztatu ahal izan dugu, eta ez hori bakarrik, egiaztatu ahal izan dugu ezen, nahiz eta Osasun Sailean eta Osakidetzan aurpegiera aldatu, praktikak betikoak izaten jarraitzen dutela. Hala, gai-zerrendako lehen puntuaren lanketarekin amaitzen ari ginela, bigarrenari heldu aurretik, Osakidetzak ohar bat bidali zien prentsari eta langile guztiei; ohar horretan, oraindik amaitu ez zen bilera baloratu egiten zuen, eta oraindik mahaian jakinarazi ez zizkigun planteamenduak argitaratu egin zituen. Sindikatuei entzun gabe baloratu zuen bilera.

Jarrera onartezina da, batez ere kontuan hartzen badugu ez dela lehenengo aldia Osakidetzak jarrera hori hartzen duela, komunikabideen bitartez jakitera emanez Mahaira eraman beharko lituzkeen neurriak eta gaiak. Osakidetzak, baina, bere kabuz jarduten du, langileen ordezkaritza inola ere kontuan hartu gabe. Gogoan izan behar da, gure azken urteotako pandemia txarrena bizi dugun arren, Mahai Sektoriala ez dela ekainaz geroztik bildu eta, aldi horretan, ez dela elkarrizketarik ez proposamenik izan Osakidetzako lantokietan bizi den egoera benetan kezkagarria den arren.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuok Osakidetzari eskatzen diogu Mahai Sektorialean benetako negoziazioa abian jartzeko. Negoziazio horren puntu nagusiak sindikatuen arteko aldarrikapenak izan behar dira, eta aldarrikapen horien helburua gure osasun-sistema publikoaren egiturazko arazo larriak konpontzea da.