Laneko osasuna

Ataria » Osakidetzako osasun-zentroetako segurtasuna

Osakidetzako osasun-zentroetako segurtasuna

Osasun-langileei eta osasun-instalazio publikoei egindako erasoen eta mehatxuen berri izaten ari gara etengabe. Azken adibidea da erabiltzaile batek Irungo EAGan uztailaren 24an eragindako txikizioa; erasoak iraun bitartean, medikua, erizaina eta administraria beldurturik, kontsulta batean giltzapetuta egon ziren, Ertzaintza etorri zain

Zentro publiko guztietan ikusten ditugu segurtasuneko langileak, herritarrei kasu egiten dietenak. Elementu horrek segurtasuna eta lasaitasuna ematen die langileei. Osasun zentro publiko guztietan? Ez. Beste behin ere, salbuespena osasun zentro gehienak dira.

Horrelako gertaerak icebergaren gailurra baino ez dira, eta gero eta nabarmenagoa da anbulatorioetan. Lehen Mailako Arretan diharduten medikuek jasaten duten lan gainkarga historikoak, gaur egun, inoiz baino gehiago eragiten dio gero eta gutxiago aguantatzen duten herritarrari.

Zergatik? Lehen Mailako Arretaren eredua 24 ordutan aldatu da, eta aurrez-aurreko kontsultak gutxitzen eta denboraz murrizten ari dira, biztanleriari aldez aurretiko informaziorik eman gabe. Ondorioz, herritarra Lehen Mailako Arretak ez diola kalitatezko zerbitzurik eskaintzen sentitzen hasi da.

Hori gutxi ez eta: Konfinamenduaren ondoren, Lehen Mailako Arreta gainezka dago. Egiteke dagoen lan guztiari (aurretiko programak, etab.) konfinamenduaren ondorioz sortutako desorekak, kontsulta berriak eta COVID-19 arekin zerikusia duen guztia gehitzen zaizkio: susmo orori erantzutea, medikuarentzako paperak egitea (bajak, ziurtagiriak, mosukoetatik salbuetsiak…), baita beldur sozialaren eta erantzukizunik ezaren kudeaketa ere.

Eta bada gehiago: Osakidetzako langile GUZTIEI “iradoki” zitzaien oporrak udako hilabeteetan eska zitzatela; izan ere, COVID 19 berragertzean, ezin zuten bermatu oporrak aldi horretatik aurrera hartuko zituztenik. Aurten, Abuztuaren erdian, herritarrak guzti-guztiak euren herrietan daudelarik, Lehen Mailako Arretak, langileen %50arekin, ordezkapenik gabe, ohiko biztanleriari egin behar dio aurre. Horrek ondorio latzak dakartza.

Ondorioak? Sendagileen nekea eta gogogabetasuna jasanezinak dira.

EAGek ezin diezaiokete eutsi Lehen Mailako Arretak artatu ezin dionari.

Biztanleriaren zati bat, haserre dago eta gero eta zorrotzagoa bihurtzen ari da, sarri askotan, bere irizpidea ezarri nahi dio medikuari, eta “maskarak ez erabiltzea” egiaztatzen duten ziurtagiriak sinatzeko eskatzen diote. Batzuetan, eskaera horiei erantzuten ez bazaie, salaketa mehatxuak entzun behar izaten dituzte, baita eraso zuzenak jasan ere.

Osasun-zentro askotako gatazkak (garrasiak, errespetu falta…) ia egunerokoak bihurtzen ari dira, lan-giroa nahasiz eta profesionalak are gehiago gogogabetuz.

Horregatik guztiagatik, SMEkook zera eskatzen dugu:

  • Lehen Mailako Arreta berehala berrindartzea.
  • Lehen Mailako Arretaren laguntza-eredu berriari buruzko informazio egokia ematea herritarrei.
  • Segurtasun-zerbitzu bat ezartzea Osasun Zentro eta EAG guztietan, langileak babestuta senti daitezen eta Irungo EAG bezalako gertaerak berriro gerta ez daitezen.
  • SMEkook Osakidetzari esan nahi diogu, aurrera begira honen antzeko salaketarik berriro argitaratu behar ez izatea besterik ez dugula espero. Horra bada gure aldetiko jakinarazpena Osakidetzari.