
Lanekoa
Lekualdatze-lehiaketa ospitaleetako espezialitateetarako: hurrengo zikloan baztertutako plazak barne har ditzala eskatzen diogu Osakidetzari
Azaroaren 8an argitaratu zen Lekualdatze Lehiaketa Ireki eta Iraunkorraren (LLII) deialdia, ospitaleko espezialitateetako fakultatiboei zuzendua

Joan den asteleheneko azken Jarraipen Batzordean onartutako eta baztertutako lanpostuen berri eman ziguten. Osakidetzak denbora gutxi eman digun arren, Euskadiko Sendagileen Sindikatuan azterketa zehatza egin dugu.
Lekualdatze-lehiaketa honetan guztira 630 plaza atera behar ziren. Enpresak 90 baztertu ditu honako arrazoi hauen arabera:
- Birmoldaketa/egokitzapena dela eta.
- Berariazko profilak direla eta.
- %50 baino gehiago ez eskaintzeagatik.
- Arrazoi tekniko eta antolamenduzkoak direla eta.
Parametro horietako batzuk anbiguoak iruditzen zitzaizkigun, eta, beraz, horietako bakoitzaren zergatia azaltzeko eskatu diogu Zuzendaritzari. Hasieran mesfidati agertu baziren ere, gure etenik gabeko ahaleginari esker, zera esan ziguten:
- Egokitze- eta birmoldatze-plazak zerbitzu- eta sekzio-buruentzat izango zirela.
- Profil espezifikoak medikuntza gero eta espezializatuago baten beharrari zor zaizkiola. Iritzi bera dugu, baina enpresak oraindik ez du argi zein izango diren profil espezifiko horiek sortzeko erabiliko dituzten irizpideak.
- Plazen %50 baino gehiago ez eskaintzea. Zerbitzu jakin bateko plazen %100 Lekualdatze Lehiaketara (LLII) atera eta guztiak betetzen badira, zerbitzu hori berritu egiten da, halabeharrez. Ulertzen dugu aldaketa bortitz batek ondorio negatiboak izan ditzakeela bai antolakuntza mailan, bai zerbitzuak ematerako orduan.
- Azkenik, zuzendaritzak adierazi zigun arrazoi tekniko eta antolamenduzkoengatik baztertutako plazak Osakidetzari eta abian diren proiektuei laguntzeko lanak egiteko gorde zituztela.
Administrazioak denbora mordoa behar izan du familia-medikuen eta pediatriakoen aurreko lekualdatze-lehiaketa ebazteko. Urtebete, sinestea zaila egiten bada ere. Ez dugu nahi hori berriro gertatzea ospitaleko espezialitateen lekualdatze-lehiaketarekin.
Deialdi hau oso garrantzitsua iruditzen zaigu, izan ere, sendagile askorentzat mesedegarria izango da, beren bizilekutik hurbil dauden ospitaleetara joan ahal izango baitira eta, horrela, beren familia eta lana uztartu ahal izango baitituzte. Hori dela eta, toleranteak izan gara lanpostu horiek antolakuntzaren ikuspegitik baztertzen direnean, prozesua arintzeko.
Baina, aldi berean, Osakidetzari eskatu diogu lanpostu horiek orain aterako ez diren arren, deialdi honetako bigarren zikloan ateratzeko 6 hilabete barru.
Halaber, eskatu diogu ahalik eta lasterren helarazteko zein irizpidetan oinarrituko diren berariazko profilak, eta, unea iristen denean, sekzio-buruen lanpostuetarako behar diren deialdi ofizialak egiteko.
Zuzendaritzak esan digu ez dutela eragozpenik eskatu duguna betetzeko; baina ikusita 2018-2019 LEParen deialdian gertatutakoa eta jakinik Administrazioaren hitzak haizeak eramaten dituela, behin eta berriz eskatu dugu konpromiso hori idatziz izan dadila. Osakidetzak horri uko egin dionez, azkenean erabaki dugu prozesu hori ez berrestea Zuzendaritzak planteatzen duen bezala, ez baitugu bermerik plaza horiek, orain atera beharko liratekeenak, hurrengo zikloan aterako direla.