Lanekoa

Ataria » Ohar garrantzitsua kontratu «mistoak» dituzten behin-behinekoentzat

Ohar garrantzitsua kontratu “mistoak” dituzten behin-behinekoentzat

Mundu guztiak daki Osakidetzak Lehen Mailako Arretan lan egin nahi duten medikuak lortzeko izan duen eta duen zailtasuna. Horregatik, maiatzean, egoiliarren sorta berria “atera” zenean, Arreta Soziosanitarioko Zuzendaritzari bururatu zitzaion Lehen Mailako Arretako eta Ospitale-arretako kontratu “mistoak” 50/50 (batez ere Larrialdietan) eskaintzeko ideia “bikaina”.

contratos mistos osakidetza

Horrelako kontratuen berri izan genuenetik, hau eskatu genien Giza Baliabideen Zuzendaritzari eta Arreta Soziosanitarioko Zuzendaritzari:

  • Eremuka edo/eta zerbitzuka, ESIen eta pertsonen arabera mota horretako zenbat kontratu egin diren jasotzen duen txosten xehatua.
  • Izendapen mota horren eredua.
  • Nola zenbatzen den eremu bakoitzean lan egindako denbora.
  • Nola ordainduko den nominan.

Orain arte, Osakidetzak adierazi digun gauza bakarra da izendapena Lehen Mailako Arretan egiten dela, baina, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren arabera, emandako zerbitzuen zenbaketa bi esparruetan egingo da.

Erantsitako diligentzia-eredu bakarra pasatu digute (zehazki, 60/40 Lehen Mailako Arretan eta Etxeko Ospitalizazioan diharduen langile batena), baina gaur egun SMEk ez du inolako izendapen edo kontratu osorik. Osakidetzak eskatutakoa guri eman nahi ez izateak, gure iritziz, horrelako kontratuen legezkotasuna zalantzan jartzen du.

Ordainketari dagokionez, gauzak badu bere mamia. Hasiera batean, Osakidetzak esan zigun larrialdietan egindako lana guardia gisa ordainduko zela. Euskadiko Sendagileen Sindikatuak uko egin genion ordaintzeko modu horri, larrialdietako lana txandaka egiten delako; beraz, lanaldia da, ez guardia. Beti bezala, Osakidetzak euro batzuk aurreztu nahi ditu profesionalei kenduz.

Azken horri erantzunez, jakinarazi digute ordainsariak lanpostuko esleitzen direla eta lanpostua Lehen Mailako Arretako izendapenari dagokiola, eta sistemak ez duela ahalbidetzen ordainketan lanpostu horretakoak ez diren kontzeptuak mekanizatzea. Laburbilduz, Osakidetzak, lan egindako denboraren % 100 Lehen Mailako Arretan egingo balitz bezala ordaintzeko asmoa du. Hau da, litekeena dela hospitalizatzearen, gaueko lanaren, txandakatzearen, larunbatetako eta jaiegunetako osagarriak kontratu misto horien nominetan ez agertzea.

Horregatik guztiagatik, Euskadiko Sendagileen Sindikatuak horrelako kontratu bat sinatu duten pertsona guztiak gurekin harremanetan jar daitezen animatu nahi ditu. SMEren Aholkularitza Juridikoak horien azterketa xehatua egingo du, eta legez kontrako ezer antzemanez gero, neurri egokiak hartuko ditu.