Ekintza sindikala

Ataria » Osakidetzari eskatu diogu grebaren jarraipenari buruzko datuak ez manipulatzeko, gutxieneko zerbitzukoak eta lan egin behar zenbatuz

Osakidetzari eskatu diogu grebaren jarraipenari buruzko datuak ez manipulatzeko, gutxieneko zerbitzukoak eta lan egin behar zenbatuz

Urriaren 30ean Araban egindako deialdian, berez gehiegizkoak ziren gutxieneko zerbitzuen interpretazio murriztailea egiteaz gain, ez zuen grebaren jarraipenari buruzko benetako daturik eman; izan ere, zenbaketan gutxieneko zerbitzua izateagatik greba egin ezin izan zuten langileak sartu zituen, baita egun horretan lanik egin behar ez zuten langileak ere; eta hori guztia deialdiak izan zuen babes zabala ezkutatu nahian

Joan den ostegunean Araban egin zen greba-egunaren ondoren, jarraipen oso zabala izan zuena, SATSE, ELA, LAB, ESS, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuok, biharko Gipuzkoarako egindako greba deialdiaren aurrean, Osakidetzak greba oztopatzeko eta benetako jarraipena ezkutatzeko egindako ahalegina salatu nahi dugu:

  • Beste behin ere, pasa den ostegunean adierazi genuen bezala, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla salatu behar dugu. Izan ere, kolektiboaren greba-eskubidea neutralizatzeko, eragozteko eta erasotzeko ahalegin berri baten aurrean gaude. Gogoratu behar dugu lurralde bakoitzeko egun bakarreko greba-deialdi baten aurrean gaudela, eta egun horietan, beste bi lurraldeetako zerbitzuek normaltasunez funtzionatzen dutela. Hala eta guztiz ere, milaka langileri grebarako eskubidea ukatu zaie. Hala, garbiketa-zerbitzuetan, larrialdietan, EAGetan, koronabirusaren jarraipen lanetan eta lan arriskuen prebentzioko eta medikuntza prebentiboko zerbitzuetan, ezarritako gutxieneko zerbitzua %100ekoa da; beraz, langile horietako inork ezin izango du grebarekin bat egin. Era berean, gainerako esparruetan irizpide orokorra da larunbat bateko langile kopurua lan egin behar duela: larunbatetan osasun-zerbitzu askok funtzionatzen jarraitzen dute eta ondorioz, milaka eta milaka langilek ez dute greba-eskubiderik izango.
  • Ezarritako zerbitzu minimoek agerian uzten dute langileriak egunerokotasunean jasaten duen prekarietatea. Herritarrei, egun bakar batean, funtsezko osasun-arreta eskaintzeko ezinbestekoa den gutxienekoa zerbitzua, askok %100ean lan egin behar izatea bada, agerikoa da ohiko langile kopuruak ez duela dimentsio egokia eta, kasu askotan, urte osoan gutxieneko zerbitzuetan lan egiten dela.
  • Horrez gain, salatu nahi dugu, grebaren jarraipena zenbatzeko orduan, Osakidetzak beti manipulatzen dituela datuak; eta, greba egiteko aukera izan dutenen artean zenbatek parte hartu duen adierazi beharrean, langile kopuru osoa hartzen duela oinarritzat, nahiz eta jakin langileriaren zati handi batek ezin duela greba egin. Gauza bera gertatu zen pasa den urriaren 29an Araban deitutako grebarekin. Salatu nahi dugu, gainera, Osakidetzak oraindik ez dizkigula helarazi jarraipenaren datu guztiak, bere ohiko iluntasuna medio.

Manipulazio horren adibide argi batzuk:

  1. Iazko martxoaren 8an, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIan (Gurutzetako Ospitalea dago bertan), gaueko txandan dabiltzan 321 langiletik soilik 5ek izan zuten greba egiteko
  2. eskubidea, gainerako 316ak gutxieneko zerbitzu gisa izendatuta baitzeuden. 5 horietatik 1 atera zen grebara; hau da, egitea zutenen %20. Osakidetzak emandako datua, ordea, %0,31koa izan zen.
  3. Iazko ekainaren 17an, Lehen arretako greba Deialdian, Debabarrena ESIan, Lehen Mailako Arretako arratsaldeko txandan, grebara deituta zeuden 50 langiletik 15ek bakarrik izan zuten greba egiteko eskubidea, gainerako 35ak gutxieneko zerbitzuetan atxiki baitzituzten. 15 horietatik 12k greba egin zuten. Beraz, jarraipena, greba egitea zutenen artean, %80koa izan zen. Osakidetzak emandako datua, ordea, %24koa izan zen.
  4. Joan den urtarrilaren 30ean, greba orokorreko deialdian, Arabako ESIan, arratsaldeko txandan, greba egitera deituta zeuden 236 langiletik 3k bakarrik izan zuten greba egiteko eskubidea, gainerako 233ak gutxieneko zerbitzua baitziren. Hiru horietatik, hirurek egin zuten bat. Beraz, jarraipena, egin zezaketenen artean, %100ekoa izan zen. Hala ere, Osakidetzak emandako datua % 1,27koa izan zen.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuok Osakidetzari eskatu nahi diogu grebaren benetako datuak eman ditzala biharko (Gipuzkoan) eta datorren ostegunerako (Bizkaian) deitutako grebetan. Manipulazio gehiagorik ez! Grebaren eragina gutxiagotu nahi da, benetakoa ez den normaltasuna islatu nahian.