LEP

Ataria » 2018/2019ko LEParen berrikuntzak

2018/2019ko LEParen berrikuntzak

2016/2017 LEPko nota gordetzea izan da azken Jarraipen Batzordean landu den funtsezko gaietako bat

Pasa den otsailaren 22an egindako Jarraipen Batzordean, 2018/2019 LEPari buruzko xehetasun batzuk agerian jarri ziren.

Hona hemen:

  1. 2017ko ekainaren 23ko Akordioari bere horretan eutsiko zaio, eta horrek 18/19 LEPrako 16/17 LEParen nota gordetzeko aukera emango du. Akordioa hemen kontsulta dezakezu (seigarren artikuluan, A eta B aukerak, 5. orrialdean).
  2. Baremazioari dagokionez, oinarri orokorrak 16/17 LEPko berberak izango dira.
  3. Gai zerrenda berrikusi ahal izanen da eta, beharrezkoa bada, bibliografia eguneratu.
  4.  Argitu gabe dago nola osatuko diren epaimahaiak eta nor izango den azterketa egiteaz eta burutzeaz arduratuko den erakundea (zati teorikoa, ziurrenik, HAEEkoa izango da).
  5. Plazen banaketa kategorien arabera: 16/17 LEPko kategoria guztiak sartuko dira, epaitegietan epai zain daudenak izan ezik eta biologoak. (Epai zain daudenak ikusteko jo hona eta Sendagileen Sindikatuak gai honi buruz duen iritzia jakiteko hona).

Azken puntu horri dagokionez, Euskadiko Sendagileen Sindikatukook azpimarratu nahi dugu, behin behinean bertan behera utzitako kategoria horiei dagokienez ez dugula legezko oztoporik ikusten eskaintza honetan sartzeko, nahiz eta onartzen dugun nota mantentzeak arazo logistikoren bat ekar dezakeela.

Hori dela eta, Osakidetzako Zuzendaritzari jakinarazi diogu Euskadiko Sendagileen Sindikatuak 18/19 LEPa onartzeko bi baldintza bete beharko direla:

  • Administrazioaren idatzizko konpromisoa, 2020ko LEPan epaitegietan epai zain dauden kategoriak lehenesteko.
  • Fakultatiboei eskainitako plaza kopurua nabarmen handitzea (A1 taldea); izan ere talde horretan, gaur egun, lanpostu hutsak 942 dira eta banaketa-proposamenean eskaintzen diren 768 plazak ez zaizkigu nahikoa iruditzen.