Laneko osasuna

Ataria » Osakidetzako Zuzendaritzak osasun-langileei txertoa otsailean jartzea aurreikusten du

Osakidetzako Zuzendaritzak osasun-langileei txertoa otsailean jartzea aurreikusten du

Ez da nahitaezkoa izanen eta txertoaren ezaugarriei eta izan ditzakeen albo-ondorioei buruzko informazioa emateko konpromisoa hartu du

Osakidetzako Zuzendaritzak urtarrilaren 9ko Segurtasun eta Osasun Batzordean jakinarazi zigun osasun-langileen txertaketa-kanpaina otsailaren erdialdera hasiko dela. Hilabete eta erdian, gutxi gorabehera, 40.000 osasun-langileri txertoa jartzeko asmoa dute.

Gure ustez, oso kanpaina zehaztugabea da, eta, esan zigutenez, hilabete honetan zehaztuko da, baina dagoeneko ezagutzen dira xehetasun batzuk:

  • Osakidetzaren arabera, lehen mailako langileetatik hasiko da, eta gainerako profesionalekin jarraituko, lehentasun-irizpide batzuen arabera. Behin eta berriz galdetu arren, Administrazioak ez du oraindik argitu zein lehentasun irizpide aplikatuko diren eta zeintzuk diren lehen mailako langile euren ustez.
  • Koronabirusa izan zutenei txertoa jarriko ote zitzaien galdetu zion SMEk, eta erantzuna ez zen argia izan. Aditzera eman zuten profesional-talde jakin hori ez dutela lehentasunezkotzat jotzen eta, nolanahi ere, txertoen eskuragarritasunaren araberakoa izango dela. Covid-ek berriz infektatzeko aukera egitate bat denez, Osakidetzako Zuzendaritzari eskatu diogu infekzioa pasatu duten langileei ere txertoa jartzeko.
  • Txertoak hartzen dituztenen eta ez dituztenen erregistroa egingo da.
  • Txertoa jartzea ez da nahitaezkoa, eta txertoa ez jartzeak ez du ekarriko ez zigorrik ez bestelako gaztigurik. Gainera, antza denez, ez da arazorik egongo txertoa ez onartzeko eta, ondoren, asmoz aldatzeko.

Txerto-motak eta txertaketa-ekipamendua

Aurreratu zigutenez, Pfizer-ek jarriko du abian kanpaina. Gainera, txertoa ospitaleetan jarriko da; oraingoz, ez zaio kanpainari puntu mugikorrik edo bolanterik gehituko. 50 txertaketa-ekipo jarri dira. Horietako bakoitza 2 erizainek eta laguntzaile batek osatuko dute. Langile horiek gehienak Lehen Mailako Arretakoak izanen dira eta, kasu batzuetan, kanpainarako kontratazio berriak ere izanen dira.

Profesionalentzako informazio egokia

Sindikatuek hala eskatuta, Osakidetzako Zuzendaritzak hitz eman du langile guztiei informazio-dossierra bidaliko diela txertoen ezaugarri eta bigarren mailako albo-ondorioekin. Osasun Batzordean ziurtatu zuten orain arte ez dela erreakzio alergikorik edo albo-ondorio garrantzitsurik izan, inokulazio-puntuan mina izan ezik. Hala ere, SMEn jakin dugu, paziente instituzionalizatuak artatzen dituzten kideek esanda adineko batzuek sukarra izan dutela txertoa hartu eta astebetera edo hamar egunera.

Txertoa hartu duten profesionalen jarraipena eta kontrola

SMEk txertatutako profesional guztien kontrol serologikoa egiteko eskatu du. Osakidetzako Zuzendaritzak esan zuen horrelako jarraipena egitea aurreikusten dutela, baina ez zuten berariaz bermatu.