Iritziak

Ataria » Osasun-langileei txertoa jartzeko kanpaina: NI LEHENENGO

Osasun-langileei txertoa jartzeko kanpaina: NI LEHENENGO

Txertaketa kanpainan gertatzen ari diren egoera xelebreek ederki asko erakusten dute ez dagoela irizpide argirik zein langileri jarri txertoa lehenengo erabakitzeko orduan

Joan den astean hasi zen osasun-langileei txertoa jartzeko kanpaina. Egia esateko, kanpaina benetan kaotikoa izaten ari da. Aurreikuspen, antolaketa eta kontrol falta itzela nabaritzen dira.

Administrazioarekin egin dugun azken bileran, berriro eskatu diogu Osakidetzari, eta ez da lehenengo aldia, garbi esateko zein irizpide estrategikori jarraituko dion lehenengo txertoak zein profesionali jarri erabakitzeko orduan. “Lehen mailako” langileei buruz hitz egin ziguten, hau da Covidaz gaixotutako pazientekin zuzen-zuzenean dihardutenei buruz: ZIUetan, larrialdietan, pneumologian eta barne-medikuntzako instalazioetan eta, jakina, Lehen Mailako Arretan.

Baina, egia esate aldera, badirudi ez dagoela irizpide argi eta zehatzik, ESIetan askotariko egoerak gertatzen ari baitira, bakoitza bere kasa dabilela ematen du.

Jakin badakigu Covid gabeko instalazioetan diharduten langile askok dagoeneko jaso duela txertoa, aldiz larrialdietako eta Covid instalazioetako edo Pneumologiako langile askok ez. Eta ez hori bakarrik, aldi berean, badakigu osasun-zentro batzuetan txertaketak gelditu egin direla, dosiak amaitu egin zaizkielako. Dena dela, Osakidetzak ziurtatu digu une bateko arazoa izan dela eta, laster, txerto gehiago jasotzea espero dutela.

Egoera horrek ziurgabetasun handia sortzen du profesionalen artean, eta, gainera, hori guztia gutxi ez eta, aste honetan jakin dugu Santa Marina eta Basurtoko ospitaleetako bi kudeatzaileen dimisioaren eta kargu-uztearen berri. Bi uko-egite horiek, itxura guztien arabera, Covid-19ren aurkako txertoa ez zegokienean jartzeagatik gertatu dira, txanda pasa egiteagatik, alegia. Are gehiago, dirudienez, haietako batek osasun langileei zuzendutako kanpaina hasi baino hainbat aste lehenago hartu zuen txertoa.

Pandemiaren hasieran, gutako askori, lehen lerroan lan egiten genuen langile askori, esan ziguten (egun batetik bestera aldatzen ziren protokoloen bidez) maskara kirurgikoekin lan egin genezakeela eta lan egin behar genuela “zikin” izeneko eremuetan. Gutako batzuei FFP2 maskarak erabiltzeagatik kontuak eskatu zizkiguten.

Gainera, erdi mailako agintariren batek ez ezik zuzendaritzako karguren batek ere profesionalongan jarri nahi izan zuen osasun eremuetako agerraldien edo kutsaduren erantzukizuna, esanez agerraldiok arduragabe “ume moko gisara” jarduten genuelako sortu zirela, bai Osakidetzaren eremu komunetan (jantokietan, kafetegian etab.). eta baita Osakidetzaren eremutik kanpo ere.

Kontu hori ez da hor geratu, gaur egun, oraindik ere, ospitaleak eta/edo osasun-zentroak munduko lekurik seguruena direla esaten baitute …

Eta argi asko ikusi ahal izan den bezala, “ume mokoek” egin ohi duten bezala, han joan dira, beren ongizate pribatua besteenaren gainetik jarrita, txertoa jartzera, txanda pasa eginez. Norberak aldarrikatzen dituen printzipioekiko leial jokatu behar da, bestela, ondorioak onartu. Hipokrisia azal-azalean.

Boulevard, Radio Euskadi (22/01/2021)

Besaide, RNE (24/01/2021)

Más de uno, Onda Cero (25/01/2021)